Zuenheim
Zuen ikuspegi agintzailea.
Sanferminetako entzierroetako zezenen pare, Busturialdera Guggenheima dakarkiguzue, danan eta danon gainetik. Bardin dautso hauteskundeetan emaitza eskasak atera izana edota herritar askok hainbat kontraesan leporatu izana, Guggenheim2 bat eraikitzea Urdaibaiko Unescoko Biosferaren Erreserban erabaki dozue, eta kitto.
Zuen ikuspegi neoliberala.
Fundazio pribatu arrotz bati (Benjamin Guggenheimek ere ez zuen sinestuko hain mendekotasun oparoa!) diru publikoz eginiko proiektu komertziala.
Zuen “business”-a.
Hasteko, diru publikotik, azaldu dozuenez, 130 milioi inguru aurreikusita dekozuez, baina gero gerokoak, hau da, gorakoak, aspalditik ezagutzen baitoguz “gainkostuen” aitzakiaz zelako onurak asetzen zaituen. Hori bai, egileak, beti “ingurukoak”, zuenetakoak, “partidarioak”.
Zuen modura.
Filosofia zehatza: obrak egitearen negozioa hori-berori baita, obra egitea. Gero eraikitakoa alperrikakoa eta hondatutakoa balitz (AHT, Supersurra legez), lasai, erantzulerik ez!
Zuen eredua.
Nazioarteko Kapitalismo globalitario basatienean oinarritutako basamortutze ezaguna. Euskal kultura eta gizartetik urrun diran beste eredu arrotzetan eta globalismo uniformizatzailean zimendutako egitasmo erasokorra. Gitxi balitz, zuen eredu honek Inbertsio Fondo eta beste aberats arrotzen esku uzten ditu gure herriko horrenbeste pisu, etxe, baserri eta lur. Euskal Herriaren zati gero eta handiago bat eta ederrena saltzen zabizie.
Zuen fribolitatea.
EITBn sarri salatzen dozuen turismo zaparrada jasanezinaren afera (Donostin, Bilbon…) ahaztuz, urrezko zekorralez saltzen deuskuzuen turismo oparoarentzako sarbidea, inguru ttipi eta delikatu batean, (danok dekogu gogoan Gaztelugatxen burutu zenduen basakeria); izkutatuz, bide horretatik herritarren bizimodua, ekosistema eta euskara ito egingo dozuezela.
Zuen kosmopaletismoa.
Betikolez konplexuz beteta. Gainbeheran dagoen kultura anglofonoaren esanetara, norbait garela adierazteko. Mundua ziztu bizian aldatzen ari dan sasoian ikuspegi labur edo miopea azaltzen, “norbait” izateko nahian.
Zuen “estilo” etsitzailea.
Espainiak eta Frantziak ukatzen deuskuen nazio izana aldarrikatu beharrean, mami politikorik gabeko “ekintzak” saldu. Tourrarekin antzera izan da: Basque Country folklorikoa, “ikurrinez josita”, promozionetan (anfitrioi jatorrak eta adeitsuak), inongo balio politikorik barik. The Guardian-ek esan eban moduan, “Erregio bitxi bat” gara. Ez nazioa, erregioa!
BasqueLand, ordea, politikoa, nazio baten izana, harrotasunez eraiki eta adierazi beharrekoa, deserosoa egiten jatsue, nortasun politikoak konfrontazio politikoa dakarrelako, eta… zuen lagun gringoei ez jake jende oldartua gustetan. Heim etxea baita alemanieraz. Gureheim Busturialdea Euskal Herri libre batean baita. Hori da nahi eta behar dugun proiektua.