Zuek zarete Korrika
Lerro hauek publikatzen direnerako, gure eskualdetik igarota egongo da Korrika. Aurten goizeko ordu txikitan egin digu bisita, baina hori ez da aitzakia izaten horrelako egun berezietan. Ziur, ohi bezala, irudi hunkigarriak utzi dituela gurean. Ez da gutxiagorako: herri bat, eskualde bat, batuta gure hizkuntza eta gure nortasuna defendatzeko. Horrelakoetan, ez dago euskaldunon parekorik!
Birritan izan dut lekukoa eramateko aukera. Institutu garaian izan zen lehenengoa, eta irakasleek erabaki zuten guk eramatea; Euskararen Eguna antolatzen laguntzeagatik egin ziguten oparia. Izugarria izan zen. Bigarrena, nire herrian, Muruetan, izan zen; zirraragarria oso, etxekoek eta gertukoek bultzatuta lekukoa esku artean izatea.
Hunkigarria egiten zait 11 egunez eta 10 gauez, etengabe, gure hizkuntzaren alde norbait korrika ari dela pentsatzea. Balio handia du, zalantzarik gabe, baina fisikoki Korrikan parte hartu gabe, euren eguneroko bizitzan Korrika konstante batean bizi diren pertsonek, horiek bai jartzen dizkidatela ileak tente.
Nire ahizpa zaharrena eta nire ilobak dira, esate baterako, horren adibide. Ahizpa, Nagore, duela ia 20 urte joan zen Alemaniara bizitzera. Bertako hizkuntza eta ohituretara moldatu da, noski, baina bere egunerokotasunean euskarak ardatz nagusienetako bat izaten jarraitzen du. Eta horrela erakutsi die bere seme-alabei, nire ilobei. Ekhi eta Lea Alemanian jaioak dira. Eskolan eta lagun artean alemanez eta ingelesez hitz egiten dute, baina etxean, ez da euskara falta.
Iloben lehenengo hitzak euskaraz izan ziren. Hemengo familiak, eta batez ere, nire ahizparen ahaleginak lortu du gure nortasunaren zati garrantzitsu bat haiengan uztartzea. Eta eurek, oraindik umeak badira ere, ulertu dute zein garrantzitsua den guretzat beraiek euskaraz aritzea.
Hau adibide bat baino ez da; gertukoa, niretzat oso berezia. Baina horrelako beste zenbait kasu daude mundu osoan zehar. Egunero euren Korrika propioan parte hartzen dute, eta metaforikoki bada ere, kilometroak eta kilometroak egiten dituzte euskarak ezohiko tokietan arnasa har dezan.
11 egun eta 10 gau hauetan Korrikan ibili diren eta igandean Bilbora iritsi arte arituko diren lagunek nire miresmen osoa dute. Baina munduko edozein tokitan euskara bizirik mantentzen duten pertsona horiek ordezkatzen dute niretzat Korrikaren eta lekukoaren benetako esanahia: berau eskuz esku dabilen moduan, ibili dadila euskara ere ahotik ahora. Eta ez Korrikak irauten duen 10 egunetan, beti baizik.