Zubiak
Ez dakit zenbat kilometro zubi dagoan Euskal Herrian, baina segurutik, Korrikak egindakoak eta eregitakoak baino askoz gitxiago izango dira. Euskerearen aldeko ekimen honen gaur egungo atxikimendua eta parte hartze zabal eta askotarikoa ulertezinak izango litzatekez zubigintza lan hori egin izan eta egingo ez balitz.
Orain 40 urte lau zororen burutazinoa izan zana, gaur egun herri oso baten zoramena da. Holan ba, esan geinke Korrikak hasiera-hasieratik euki dauela lotura estua zubiekin eta zubi lanagaz. Zubi guztien artean batek hartzen dau protagonismo nagusia ekimena egiten dan aldiro: Hendaia eta Irun arteko Santiago zubiak, herri bat diran herri bi lotzen ditualako, ezarritako mugen gainetik.
Iaz ondino be protagonismo handiagoa hartu eban mugarteko zubi horrek, desobedientzia zibileko ekintza antolatuan, 36 migratzailek igaro ebelako Korrikagaz batera, Irunetik Hendaiara, mugak behin betiko edegi eta zirkulazino askea aldarrikatzeko asmoz.
Ba, aurton be zubia berbea makina bat bider entzun dot Korrika hasi aurretxotik, CCOO Korrikatik kanpo geratu ondoren, hainbat dabilzalako euskerearentzako zubiak eta adostasun zabalak eskatzen. Horregaz ados ez egotea gatxa da, baina begitantzen jata eskari horreek, zatirik handienean behintzat, beti alde berean jausten dirala, euskeraz bizi nahi eta horretarako bete bako eskubidea dogunongan.
Ez daukat zalantzarik Korrikaren 12. egunetik aurrera be, euskerearen inguruko sarea josten jarraitu beharko dogula, bide barriak topetan eta edegiten, gure hizkuntzearentzat zubiz inguratutako plaza zabal eta ederra eraikitzen.
Baina zubien inguruan hiru kontu nabarmendu nahiko neukez. Lehenengoa: zubiak alde bi eukiten dituela, eta bietatik eregi ezean, alperrik dala. Bigarrena: zubiak helburu argi bategaz eregiten dirala, batetik besterako bidea egiteko, eta ez alde batean tapoia egin eta inor ez pasetako. Hirugarrena: zubiak zutabe sendoak behar dituela eusteko, eta euskereak eraitsi ezin dan bat daukala, sendoetan sendoena, Ondarroako 2023ko Ibilaldiko kanteak gogoratzen deuskun moduan: «Eskutik hartu eta, ez da jausiko zubixe, geu ga eusten dauen herrixe».
Korrika gogotsu, eskuzabal eta irribarretsu dabilen herria, baina behar danean, haginak erakutsita, ostantzean aurrera egitea ezinezkoa dalako. Kokoteraino beti euskera/euskeraz mesedez eskatu beharraz. Ofiziala bada, ofiziala da (dan tokietan behintzat), eta eskubidea bada, eskubidea da (indize eta ehunenekoen gainetik).