Urriko azkenaurreko astelehena
Lehen sektorea eta lehen lerroa ez dira inoiz eskutik joan. Ohituegi daude gure nekazari eta abeltzainak mundu deitu diogun gurpil honen azpitik haien atzaparrak erakutsi beharrera. Gogoan daukat, umetan, baserriak margotzen nituela etengabe eskolako koadernoan, haien ate borobil eta etarteko txakur eta guzti. Samurtasunez erkatzen nituen nire lurra, sustraiak eta berauei zor nien begirunea. Bere horretan geratzen zen, baina, irudi soila. Urbanitak izan gara beti, larunbatero amumarengana indabak jatera joaten ginen gernikar nostalgikoak. Gugan daramagun bizitzako txatal horren gainbeherak min ematen digu; ez gaitu inoiz behar beste arduratu, ordea, ale bat nola garantzen den jakiteak, behi bat erazteko zer egin behar den, belarra mozteko aparailuen izen zerrendak edo uzta noiz eta nola batu ikasteak. Min ematen digu baserriko munduaren galerak, baina erosoegi bizi gara eta, zoritxarrez, maitasunak ez du jaten ematen. Instituzioek ere jakin beharko lukete hori.
Zurekin ez nuen inoiz gai honi buruz hitz egin, Dabid. Gure solasak gehiago zihoazen kultur autogestioaren bidetik: herrira zabaldu behar ginela, kolektibotasunari garrantzia eman… «Hay que hacer» esaten zenuen. Badakit, hala ere, berdintsua zela zure jarrera nekazal munduari dagozkion aferekiko. Lur jota gaude, ezustean joan zarelako, eta horregatik sumatzen dugu lurra joka. Zure betiko zelaiada bat bailitzan, komunitateari Baserritik Gernikara eta Jangurie proiektuak oparituta egin duzu alde. Jakin bazenekielako, lehen sektoreak, soldata duin bat eduki dezan borrokatzea zilegi izango dela beti. Barreka hasten naiz zure lelo eta esloganak sortzeko gaitasunaz akordatzean, bazeneukan eta, ezarritako arauetatik harago, garena dastatzeko jangura bat eta, bide batez, gurea dena jatera gonbidatzen gintuzun. Baserritik Gernikarainoko bideak ematetik zeukalako joatetik baino gehiago. Bere garaian Allenden ikasi genuenok asko eskertuko genuke, gu han izan ginenean ere, pasioa iraultza bihurtu eta kilometro zeroko produktuekin gauzatu zenuten elikadura burujabetza erakusketa erraldoi hori eduki izan bagenu plateretan. Zu ez zinen urbanita bat, Dabid, bazeneukan landako lokatzaren berri, eta zuzenean egiten zenuen lan inguruko nekazariekin. Aurpegira begiratzen zenion haietako bakoitzari, eskua luzatu eta bestelako mundu posible bat irudikatu. «A lo grande» joan zara beti eta gaitz erdi.
Aurten ere, badatorkigu Urriko Azken Astelehena. Busturialdeko egutegietan berde zinikoz markatu dugun urteko eguna. Ibiliko gara postuz postu, beteko ditugu Tote Bagak barazki eta gaztaz, herrigintzak eskuz esku astindutako talo goxoa jan… Egun hori baliatuko dugu egunerokotasunean supermerkatu handietan erosi izanaren erruki kristaua konpentsatzeko. Laborantzaren salbatzaile sentituko gara segundo batez. Baina batez ere, zutaz oroituko gara, Dabid. Urrian ez delako hasi edo amaitzen ezer, egunero da Urriko Azken Astelehena biziraun nahi duten horientzat. Zenbat okupatzen zenuen eta ze arrazoi zurea.
Amaitzear dagoen aste honetatik aurrera, orain beste kolore bat dauka urriko azkenaurreko astelehenak. Busturialdeko laborariek konplize, eragile eta lagun bat galdu dute. Bizitza ulertzeko zure erak, ordea, hemen dirau eta, beronekin soilik, asko daukagu irabazita. «Eingu ta eingogu!»
Lurra arin bekizu.