Üken dezadan plazera!
Kaixo Ardizain!
Ni Olentzero naiz. Goizian argia hastian, Goizian goiz jeikirik, Urrundik heldu naiz. Muñagorriren eta Balearen bertsoak kantatzen, Kantuz. Mauleko bidean noa, Irail tristean, Udazken koloretan, Askatasunaren semeei Itsas ulu zoliak eragiten dituen Hunkidura kuttunak erakustera. Arratsalde lizuna gaurkoa. Zeharkatuko ditut Baldorba, Oria ibaia, Arratia, Erribera, Auritze, Orreaga, Beotibar, Orbaizeta… Oi lur, Oi lur, Oi Ama Eskual Herri osoa. Bizkaia maitea ere buru orlegi, bihotz sutu eta soineko zuriz jantzia aurkituko dut.
Ez nabil ezeren bila. Zehazten erreza naiz. Laket dut Gure bide galduetatik Atharratzeko gaztelura heldu eta handik Itsasoari begira jartzea. Nere ekialdean Itsasoa laino dago eta Ilargia ortzimuga den hartan mugatzen da. Formak onak dira haietan galtzen ez garen artean.
Ekaitza heldu arren, ez gara inoiz bakarrik joango. Mirotzak, Basoilarrak, Maria Solt, Nire herriko neskatxa maitea, Azkaindarrak, Matalaz, Jaun baruak eta Itzaltzuko bardoa gurekin etorriko dira aurrerantzean. Eta Oriokoa ere bai. Zenbat gera? Zerk balio du?
Amak Mundurat eman ninduen, eta Loretxoari begira zegoen umetxoa nintzela, zure musikarat ere bai. Lehen hazia eta Bizipen margotuak, oraindik zuhaitzetik erori gabeko Kimu bat nintzela. Orduz geroztik 40 urtez ikasten egonak gara, zugandik.
Asarre egon nahi nuke baina Zure askatasunagatik pozten naiz, Ezin uka, Egia. Nahiago nuke Bakea eta ez Damua. Nigarra begian baina dolü gabe, Hitaz oroit Benito. Zergatik utzi kantatzeari?