Sustraietara itzuli eta komunitatea indartu
Ondo sustraitutako zuhaitzak zutik denbora gehiago iraungo du. Baina zuhaitzaren iraupena ez dago sustraien menpe bakarrik. Zuhaitza ureztatu egin behar da; zuhaitzak eguzkia eta gaua behar ditu; zaindu eta errespetatuko duen jendartea behar du; zuhaitzei buruzko jakinduria duten pertsonak behar ditu. Denboran irautea garrantzitsua da, baina garrantzitsua da baita ere nola iraun. Zuhaitz baten inguruan herri baten izena eta izana garatu daitezke. Zuhaitzaren sustrai eta adarretan inspiratuta sortu daiteke unibertsitate baten logoa eta lema (Eman ta zabal zazu). Azken batean, sustraia gustora egoteko eta zuhaitzak zutik irauteko inguruko lurra landu behar da. Aritz Ganboak argi esaten digu Biba Zuek saioan: «Eutsi herriari eta lotu lurrari». Horixe berori.
Herriari eusteko eta lurrari lotzeko sustraietara bueltatu behar gara. Gure aitona-amonen egiteko moduak berreskuratzea ezinbestekoa da. Tokian tokiko egiteko modu zaharrak gure eskoletako curriculumetan txertatu behar ditugu. Herriaren ohitura eta tradizioak mantendu behar ditugu. Aulestin San Joan egunean gaitzak uxatzeko, etxeak babesteko edota urte osorako osasuna ziurtatzeko lore sobrak egiten dira. Baina sobrak ezin dira edozein landarerekin osatu, ohiturak dioen legez usaina duten loreek osatu behar dute; baita fruitua ematen duten landareek ere; basoko landare eta zuhaitz-hostoak izan behar ditu, eta San Joan lorearen edertasuna eta erramuaren izaera magikoa ezin dira lore sortan faltatu. Erre zituzten sorginen oinordeko garela ezin dugu ahaztu.
Herriari eusteko eta lurrari lotzeko modu asko daude. Baina niretzat erakargarriena eta eraginkorrena komunitatean egitea da. Iritzi hori zenbait arrazoitan oinarritzen dut. Horietako bat da inteligentzia kolektiboaren kontzeptua. Kontzeptu hori duela gutxi ikasi nion Aulestiko lagunari (berak badaki nor den). Herriko ospakizuna prestatu genuen, eta jan-edanarekin batera Nariko Udxarte baserriko harriarekin dema antolatu genuen. Harriaren pisua igartzen zuenarentzat oparia. Hainbatek parte hartu zuten, eta guztien artean bik bakarrik igarri zuten; beste guztiek kale, eta batzuek askogatik. Baina saiakera egin zutenen bataz bestekoa harriaren pisutik oso hurbil geratu zen. Adimen kolektiboaz gain, komunitatean lan eginez gero inor ez da atzean gelditzen, helburu pertsonalak bigarren planora pasatzen direlako. Taldeko norbanakoaren helburu nagusi bihurtzen da atzerago dabilenari laguntzea, eta helburu pertsonalak lortzeak baino gogobetetze handiagoa eragiten du. Horrela, sustraietara itzultzen diren komunitateetako norbanako bakoitza amesten dugun itsasoaren ur tanta bilakatzen da.