Sats usaina
Duela aste batzuk Frantzian lege berri bat onartu dute, baserri ingurura bizitzera joan diren «hiritarren» kexuei aurre egiteko. Legearen helburua argia da: iritsi berriak egokitzea, eta ez alderantziz. Antza, 1.300 prozesu judizialetik gora egon dira zabalik, baserri ingurura bizitzen joandako «hiritarrek» jarrita. Traktoreek eta oiloek sortzen duten zarataz edo ortuak ongarritzeko erabiltzen den satsaren usainaz jasotako kexuez nazkatuta, baserritarrak legez babestea erabaki dute. Lehenago ere Maurice oilarra famatua egin zen Frantzian, kukurruku goizegi kantatzen zuela-eta auzokoak jarri zion salaketagatik. Maurice oilarraren jabeek irabazi zuten auzia, eta landa-eremuaren eta hiri-inguruneetatik etorritako bisitarien arteko talkaren sinbolo bihurtu zen.
Landa-eremuko bizitza ez da beti poeta bukolikoek goratu izan duten hori. Baserri ingurua bizirik bada, traktoreak satsa zabaltzen du, ordu txikietan kantatzen dute oilarrek, astoak arrantza egiten du, eta euli taldea ibiltzen da etxean. Frantzian barik, gure herri txikietara ere etorri dira herri edota hiri handiagoetatik ihesi; baina naturaz inguratutako hiri txiki bat topatu nahian etorri izan dira askotan. Eta aipatutako egoerak edo antzekoak areagotu egiten dira biztanle berrien eta udatiarren bueltan. Hiritik herrira joan, eta hirian dituzten abantaila guztiak topatu nahi dituzte askotan, inolako trabarik gabe. Areago, paraje ederraz gozatu bai, baina hirian dituzten «pribilegio txikiak» ere nahi dituzte. Baina inguru hauetara datozenak dira egokitu behar dutenak, eta ez alderantziz.
Urrun joan gabe, Gipuzkoako herri batean txalet berrietako biztanleak joan ziren udaletxera ondoko ganadutegiko sats usainagatik kexu. Batzartuta zeudela txaletarrek sats usainaz eta euliez ere kexatu ziren, eta baserritarrak: «Et, et, et… simaurra bai, baina euliak ez dira nireak eh!», esan zien. Natxituan ere izan zen antzeko kasu bat duela urte batzuk. Uda pasatzera etorritako batzuk udaletxera joan ziren kexu, gaueko kanpai hotsak lo egiten uzten ez ziela-eta. Eta alkateak men egin, eta gauez kanpaiak isiltzea erabaki zuen. Orduko hartan, Natxituko gazteek kartelak atera zituzten eta Eako kaleetan jarri zituzten: «Natxituko gazteok gauez ere kanpaia jo nahi dugu». Orain, erlojua fin dabil gauez ere. Kanpaia jo ez dakit, baina zoritxarrez, oilarren kukurrukua eta sats usaina gero eta gutxiago da gure inguruan.