Sarrailak
Sixtoren kaperako ateko sarraila olioztatua izango da dagoeneko. Kras, kris, kras giltzaren itxi-irekiarekin barruan gotortuta geratuko dira 133 gizon potrokolo zehatz bat jarraituz. Erromako obispo berria, eliza unibertsaleko gidaria, San Pedroren bikarioa lurrean eta zeruko atea zabaltzeko giltzaren jabea izendatu behar dute. Behinola, Aita santuaren heriotza zertifikatzeko hiru aldiz deitzen zioten zerraldoari bere izenez eta bekokian zilarrezko mailuaz jo; heriotza konfirmatuta, kanpaien errepikak berria zabaltzen du; gero lutoa, mezak (bederatzi egunez) hiletaren kostua fededunek ordaindu dezaten, eta hileta parafernalia guztiarekin (zelako karbono-aztarna utzi ote du). Aita santuaren besaulkia zein ipurdik berotuko duen zain dago. Momentu hauxe baliatzen omen da Arrantzalearen eraztuna eta zigilua apurtzeko, faltsifikaziorik gerta ez dadin.
Ateak itxita eta isolatuta, cum clave (giltzarekin), aita santu berria aukeratzeko fasea irekitzen da. Mesfidantzak, intrigak, sekretoak eta azpijokoak kardenalen artean; zaharrak berri Vaticanoan. Behinola, gehiegikerietara ohituta zeuden sabel ase ezinei janaria murrizten omen zitzaien, erabakia arinago har zezaten. Espiritualtasunetik gutxi du kontu honek guztiak, liberalen eta kontserbadoreen arteko leia besterik ez da. Liberalek irabazteak zisma ekarriko omen du; berotzen hasi da konklabea. Helburua pribilegioak mantentzea da, hau da, materiala den gose ase ezina: ondasunen jabetza tranpatia (inmatrikulazioak), bortxazko desio haragikoiak (pedofilia), misoginia, korrupzioa finantzetan… Sistema judiziala eklesiastikoa da, eta zuzenbide kanonikoa du oinarri, beraz, sexu abusuak epaitzerakoan ohikoa da gardentasunik eza, inpunitatea. Argitu gabeko kontu gehiegi, hemen, lurrean behintzat, eta dena Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren (hau ere arra) izenean, amen!
Bestalde, entzun dira Bergogliotaz aipamen batzuk, hautaketan eragitearren. Mileiren hitzetan, «representante del Maligno en la tierra, ocupando el trono de la casa de Dios»; Müller kardenal alemanak «herejia materiala» aipatu du, zer eta homosexualekin argazkia ateratzeagatik. Kontuz ibili dadila rosariokoa berari be gerta ez dakion Formoso Aita santuari gertatutakoa. Formoso hilobitik atera, jantzi, San Pedroren katedran jarri eta epaitu egin zuten, abokatu eta guzti, finean kondenatua izateko. Ondoren, gorpua Erromako kaleetatik arrastaka eroan, eta Tiber hibaira bota zuten, arinago bedeinkatzeko erabiltzen zituen hiru atzamarrak moztuz. Broma gutxi elizarekin.
Ez dakit Bergogliok zeruko atean giltza sartzean sarraila herdoilduta aurkituko duenentz edo, okerrago, sarraila aldatuta. Lehenago aipatutakoek nahiago lukete ikustea Ate joka Dan dan! Inpernuko atien zeure txandie itzeraitten.
¡Ábranme, boludos!