Presentzia erradikala
Sheila McNameek terapia psikologikoen inguruan egin dituen hamaika ikerketen ostean ondorioztatzen du pertsona bat ulertzeko eta haren sentipenetara hurbiltzeko presentzia erradikala delakoa berebizikoa dela. Presentzia erradikal hori pertsonak adierazten duen mezua arretaz entzun eta jasotzearekin, mezuari pertsonak ematen dion esanahiari erreparatzearekin eta pertsonaren zentzuan joan daitezkeen erantzunak ematearekin dago lotuta.
Nik gaur pentsatu dut presentzia erradikalaz terapiatik at ere gehiago busti behar garela: alde batetik kexu nintzen azken aste hauetan nire semeak hitz egiten nionean eskaintzen zidan arreta urriagatik. Bestetik, eta batez ere, ni neuk ere berarekiko presentzia erradikala gehiago landu beharko nukeela konturatu naiz watsappa, nire buru barruko zenbait txori edota beste batzuek semea ni behar nauen momentuetan nirekin hitz egin nahi izatea tarteko.
Laurogeiko hamarkadan Kenneth Gergenek idatzi zuen «saturatutako ni-a» gogoratu dut orduan: bertan, autoreak tankera anitza duten kanal mordoxkatik eratorritako harremanak zeharkatzen gaituztela proposatzen du. Horrela, aldi berean aurrez aurre pertsona talde batekin kafe bat hartzen gauden bitartean, letra sakoneko abesti bat entzuten egon gaitezke eta laneko e-mailak irakurtzen, telebistan futbol partida ikusten gauden une berean.
Gauzarik esanguratsuenak elkarrekintzan sortzen ditugula onartzen badugu, hala ere, egunerokotasunean besteekiko presentzia erradikala jorratu beharrean gaude: elkarrentzako bost zentzuekin egon eta bost zentzuetatik harago, elkar ulertu.
Sheilak presentzia erradikala landu ezean, gizagabetzen gaituzten praktiken aurrean gaudela deritzo. Kennethek, aldiz, harremanean egiten garela gizabanako.