POROBON!
Ezagutzen nautenek ondo dakite Athleticzale amorratua naizela eta emozio handiz bizi ditudala taldearen partidak, edozein izanda ere. Familia zurigorri bateko semea izaki, txiki-txikitatik jaso dut zaletasuna, baina ez bereziki gurasoengandik.
Aititek eta Amumak daukate guztiaren errua, beraiek izan baitziren guzti hau hasi zutenak, asteburuak partidaren arabera antolatzen zituztenak eta taldeari jarraika herririk herri ibili zirenak. Hasieran aho zabalik aditzen genituen arren, denborarekin gogaikarri bilakatu ziren etxeko egongelan entzundako istorioak: Castellonen aurkako finala 1973an, Iribar eta Esnaolaren arteko penaltiak 1977an edo 1983ko azken liga eta kopa. Osabak jaso zuen gaixotasuna oinordetzan eta «zurigorritis» hori hurrengoengan iltzatu du. Sarritan kontatu dit txiki-txikia nintzela «aita eta ama» esaten ikasi nuenerako, «Atleti» ere esaten nuela, osteko «eup» derrigorrarekin. Aitite aspaldi joan zen, baina amumak ikusi du Athletic berriz irabazten 40 urteren ostean eta gure lehen aldiarekin bat eginda ikusi izanak zikloaren itxiera ederra suposatzen du alde horretatik.
Bilboko erreka bazterrean elkartu ginen joan den ostegunean, gure nagusien ahotan entzundako ipuin hura benetakoa zela ziurtatzeko asmoz. Nire bizitzan ikusi dudan eta ikusiko dudan mobilizaziorik handiena, dudarik gabe. Arrazoi zuten, antza, gabarra existitzen da eta ezta kondaira bat. Herrikide bati entzun nion «Neu be zalie naz baia… lar be lar da. Beste geuze batzutarako ez gara mobiduten ba!». Eta egia da, arrazoi. Zenbatek egiten dugun salbuespena Athleticekin eta zenbat kontraesan doazen aidean.
Jendetzaren artean udaletxe ingurura hurreratu ginen eta hortxe hasi zen poza eta jaia behar zuena amets gaizto bilakatzen. Bere ereserkian Euskal Herriaren erakusgarria dela dioen taldeak ezin du gure hizkuntza horrela zigortu. Bilboko udaletxeko balkoian euskarak jaso zuen trataera eta jipoia salagarria iruditzen zait. Miloi batetik gora elkartu ginen bertan (telebistaz beste hainbeste) eta Euskal Herrian hiru miloi pasatxo garela kontutan hartuta, datua beldurgarria da. Ez dut eskatuko euskaraz ez dakiten jokalariek egin dezaten, baina uste dut dakitenek egin beharko luketela. Badakit batzuk euskara hutsean aritu zirela eta beste batzuk, berriz, bi hizkuntzatan. Gogoan daukat eta eskertzekoa da.
Eta gero, Asier Villalibre jauna dago. Bere bizitzako egun handienetako batean bere adierazpena euskaraz eta euskararen alde egin zuena, mezuz zein edukiz. Ederra bezain beharrezkoa. Gehienek tronpeta eta bizarra ikusten zuten lekuan, askok futbolari euskaldun erreferente bat ikusiko dute orain. Hori bai kopa ederra. Balio beza idatzi honek bufaloari nire miresmena, babesa eta euskal komunitateko kide bezala esker ona adierazteko. Gora Asier eta Aupa Athletic!