Pavel askatu, hostia!
Otsailaren 28an Pavel Gonzalezek urte bete beteko dau Europar Batasuneko «Guantanamo» poloniar bateko ziega batean, Radomeko kartzelan, Varsoviatik 100 km-tara.
Isolatuta (etxekoen bisita bakarra jaso dau urte osoan!), datorren otsailaren 23an (San Antonio Tejero egun esanguratsuan) epailearen aurretik pasatuko da barriz.
Errusiar espioia izatea leporatzen deutsoe. Azaldu dabezan «frogak» momentuz honek dira: Bi pasaporte izatea (nazionalitate bikoitza dauka, errusiarra eta espainola), Laboral Kutxako tarjeta bat eukitea eta GARAko kolaboratzailea izatea (azken bi erakunde honek «errusiar tresnak» omen diralakoan!). «Orkesta Mondragoneko zinta» oraindik ez dabe aurkitu, zorionez. Besterik ez dabe adierazi.
Pablo, Pavel bere ingurukoentzat, Ukrainan NATOk Errusiaren kontra daraman gerra latz honen biktima da. 2014an Maidaneko estatu kolpeaz edota Donbasseko lehenengo gatazketatik hainbeste kronika idatzi ebazan. Gero hainbat urtetan idazki bikainak sinatu zituen, bai poloniar gobernu eskumatar nazionalista eta homofoboak deskribatuz edota baita be Errusiako eta beste Europako Ekialdeko gobernuak kritikatuz. Askeegia egun lerrokamendu fidela exijitzen dan gizarte honetan. Ez dago agerian behintzat beste «arrazoi» logikoagorik.
Euskal Herria, NATOren barnean dagoen heinean, gerran dago. Lerrokatuta gagoz. 1945tik lehen biderrez egoera hau emoten dala, eta honek lubakia argi kokatu dau. Errusia errudun 40. hamarkadan bezala. Horregatik Pavel erabat botata utzi dabe. Espainiako Media nagusietan, bere inguruko «kide» gehienen artean, gobernu eta instituzioetan… isiltasuna izan da nagusi, nahiz eta tamainako injustizia izan, nahiz eta bere eskubideak erabat urratuta egon, nahiz eta Venezuelan, Iranen, Errusian edo Sirian berdin antzerako egoeran preso egotekotan etengabeko prime time-ean egongo litzatekeen.
Urte beteko isiltasun derrigortutako honen ondoren, Pavelen egoera zuritzeko kanpaina hasia dabe. Espainiako gobernuko kanpo ministroa «leporaketa larrien» inguruko asmakeriakaz aritu da egunotan telebista eta irratietan, egoera lotsagarria justifikatuz eta balizko kondena posible bat arrazoitu nahian. Suntsipen Handiko Gezurrak! Ildo horretan, otsailaren 23an Bidenek Polonia bisitatuko dau. Espero dagigun poloniarrek «Zesarri» Pavelen burua ofrenda modura ez eskaintzea, azken finean errusiar/euskaldun kazetari deseroso bat errudun bezala kondenatzeak, sinbolikoki onura handia lekarkieke, batez be gerraren garapenean NAFOzaleen porrota gero ta argiago danean.
Tamalez, XXI. gizaldiko Europa gainbeheratsu honetan, Pavel errusiar/euskaldun Dreifuss bat bihurtu dabe, eta bitartean, gu lobotomizatuta, zuzendutako pantailei begira.