"Paris izango dugu beti gogoan"
Aspaldiko partez gure egunerokotasuna berri txarren artean garatzen da. Prezioen igoera basatia, erregaiena, hipoteken indizea edota argiaren balio estratosferikoa etengabeko jukutriak ditugu. Taberna, gimnasio edo Mega-Hiper-Supermerkatuetako ilaretako gaiak gehien bat, dirudienez, Legebiltzarretan goi mailako tamameskerietan oinarritutako ez-politikan edo politikakerietan baitaude.
Pandemia, Inflazioa, Ukrainako Gerra edo aldaketa klimatikoa besteak beste dira errealitate gordin hori azaltzeko, politikoek eta beraiek zuzendutako propaganda ekoizleek erabiltzen dituzten gai orokor eta potoloak, gehienentzat handiegiak eta, beraz, ulertezinak, baina, tira, klixe baliogarriak ezer argitu barik, ondo geratzeko.
Bestalde, ulergarriagoak zaizkigun beste hainbeste gertaerek eragin zuzena dute ere gure egun egunezkoan. Politikakeriekin erabat lotuta daude, eta argi identifikatzen ditugu. Greba luze eta orokorki eraginkorren arrazoiak (Bizkaibusekoa, nagusien egoitzetako langileena…); osasungintza sistema publikoko aurrez pentsatutako narriadura prozesu pribatizatzaile basatia; ustelkeri politiko eta ekonomikoaren ostalketa kronikoa; immigrazioaren inguruko demagogia; gentrifikazio bihozgabea; inora ez doan eta bukaezina den Abiadura Handiko baino, Milioi Askoko Trenaren jasan beharrekoak; administrazioaren euskalduntze prozesuarekiko eraso erdalzaleak, Ertzaintzaren hertzain nortasun eta izanaren eza eta ufaaa! beste hainbeste. Guztiek kezka eta eragozpenak sortzen dizkigute, baina etsipen kristaua, eta aurrera! Txarra kenduta dana ondo!
Ederki lotutako bi dimentsio dituen Sistema distopiko batean bizi gara. Banakakoaren dimentsioan egunez egun pairatzen direnak amorrua eta egon eza sortu arren, barriketa eta eztabaida handietan hausnartzen ditugu, baina bitartean, beste dimentsio orokorrean, hauteskundeen inguruko inkesta politikoetan, alegia, errealitate barea eta egonkorra nagusi. Txakur zaunkaria nekez hozkaria.
Bakoitzak bere gustoko trukotxoa eskura baitu amorrua desbideratzeko eta errealitate gordina «ahazteko». Bigorexismoa, tik-toktasuna, kirol exotikoak, kuskuxeo extrem, turisteoa, kontsumo basatia, youtuberismoa edo itxurakeria superlatiboa… eta, nola ez: futbola! Azken finean muturreko indibidualismoan oinarritutako gizarte desmobilizazio orokorra eragiteko tresna konduktista moderno eta ponpoxak. XXI. mendeko ogia eta zirkoa zure sakelan.
Taktika borobila. Tresneria psiko-soziologiko honi esker, politikoen politikakeriek eragiten dituzten ondorio larrien inguruko kezka nagusiek ez dute, sasoi luze baten, behintzat, eredu politikoa, ekonomikoa eta soziala kolokan jarriko, Rickek Casablancan bihotzez «Paris izango dugu beti gogoan» oroitu zigun arren.