Ospakizunak urri; euskara hobetzen jarri
Oro har, gaztelaniari ematen zaizkio ordurik hoberenak; euskarari hutsalak. Gaztelania dugu barren ezkutuan maite; euskara izaten dugu hainbatetan lastre. Ospakizunak izan ditzagun urri eta euskara hobetzen jarri gaitezan
Aztertuko ditudan datuak ikusita, Euskararen Eguna ospatzeko baino erruz lan egiteko egoeran gaude. Euskararen Egunak, benetako introspekzio sakona egiteko baino bere bilakaera historikoari helduz erakundeetatik autokritikarik egiteko joerarik izaten ez denez, euren burua goresteko abagune da. Euskarak izan duen bilakaeraz ez dago zalantzarik baina iturri horretan urik ez.
Datuak: 2017tik 2020ra Euskadiko Eskola Kontseiluko Lehendakaria izan zen Nélida Zaitegik Eusko Legebiltzarrean bere txostena aurkeztu zuenetik denbora asko igaro da. «D» ereduan elebitasun helburuak ez dira betetzen Hezkuntza-Ebaluaziorako Euskal Institutuak 2019ko txostenean adierazi bezala: oro har, DBH 2ko ikasleen %40 ez da euskaraz egokitasunez jarduteko gai, eta beste %13,1 ez da gai ez gaztelaniaz ez euskaraz. Eskola publikoan, D ereduko ikasleen erdiak ez du elebitasunaren helburua lortzen.
Gazteen Euskal Behatokiaren 2020ko txosteneko euskarazko irakurketa ohituren datuak hauek: 15-19 urte bitarteko ikasleen euskeraz idatzitako liburuak irakurtzeko ohitura 2008tik 2020ra ia %10 jaitsi da; 20-24 urtekoen ohiturak ere azken 12 urteotan behera egin du, eta 25-29 urtekoetan euskaraz irakurtzeko ohiturak ere behera egin du: 2008an %44,2 izan zen, eta 2020an %36 da.
Hezkuntza Ministeritzak agindutako Liburuen erosketa eta Irakurketa Ohituren Txostenean adierazi bezala, herritarren % 5,5ak baino ez du euskaraz irakurtzea lehenesten. Beraz, gehienak (%90) nahiago du gaztelaniaz irakurri. Horretarako arrazoiak: gaztelaniaz irakurtzea errazagoa da (%25); euskaraz ez du ondo irakurtzen (%32); ez du lehentasun (%8); ez dago euskaraz argitaratuta (%14); beste batzuk (%10).
Euskararen kale erabilera ere urri. Adibidez, atzo, Getxoko Udaleko lau langileren euskara mailaren adierazgarri lez esaldi «bitxi» hauek: «orain da etorri»; «aldatu da dena»; «geneukan dena»; «da ekologista»; «nator al humo de las velas» eta beste antzeko hainbat. Euskal hitzez jantzitako gaztelaniaren egiturak erabiltzea ez da euskaraz hitz egitea. Erantzukizuna, bakoitzari dagokio berea. Oro har, gaztelaniari ematen zaizkio ordurik hoberenak; euskarari hutsalak. Gaztelania dugu barren ezkutuan maite; euskara izaten dugu hainbatetan lastre. Eta horren ondorioa: inkontzienteki gaztelaniaren joskera eta pentsamolde mentalak erabiltzea, euskararen kaltetan.
Beraz, ospakizunak izan ditzagun urri eta euskara hobetzen jarri gaitezan.