Ontologia eta herri hezitzaileak
Aurrekoan kotxez nindoan irratian Julen Mendozari egiten ari ziren elkarrizketa entzunez. Coaching ontologikoaz ziharduten, azken urteetan horretan dabil Mendoza. Ontologia egia bakarra ez dela existitzen oinarritzat duen zientzia da. Hots, ontologiak bakoitzak egiaren ikuspegi propioa duela postulatzen du. Goizeko hamabi eta erdiak markatzen zituen autoko erlojuak, Bizkaiko Balkoia parez pare, eguratsean eguzki ederra eta hotz. Bizkaiko Balkoitik pasatzen naizen bakoitzean pentsatzen dut hango bistak paradisuaren antz handia duela; nahiz eta aitortu behar dudan paradisuaren pertzepzio indibiduala ontologikoa dela, begira dagoenaren araberakoa. Hezteko moduak ere ontologikoak direla esango nuke. Puri-purian dagoen hezkuntza legea ere beste horrenbeste. Inoren aurka nekatu beharrean, zergatik ez dugu geure alde egiten? Gure seme-alaben heziketaren inguruan erabakiak hartzeko zergatik ez lehenetsi ikuspuntu ontologikoa? Zergatik ez besteengandik ikasi?
Duela gutxi Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkartea ezagutu nuen, eta begirada ontologikotik lan egiten duela iruditu zitzaidan. Oinherriren helburua da tokian tokiko hezkuntza egitasmo komunitarioak saretzea, udalen eta aisialdiko eta hezkuntzako eragileen arteko elkarlanaren bitartez. Oinherrin haurrei parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena eman nahi zaie, eta berek aukeratutako aisia hezitzailea eta euskalduna lortu nahi da. Egitasmoak lehentasuna ematen die pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriei. Hori guztia ingurumen naturala eta kultura zainduz eta auzolana indartuz. Hainbat dira Euskal Herriko eremu zabalean heziketa eredu horri heldu dioten herriak. Beren artean Euskal Herriaren osotasunari erantzun nahi dion herri hezitzaileen sarea osatu dute Oinherriren aterkipean.
Aulestiko herritarrak udalaren babesarekin badabiltza aisialdiko, kulturako, hezkuntzako eta herri mugimenduetako eragileen arteko elkarlana sustatzen. Urzabal guraso elkartea, hirugarren adineko eta pentsiodunen San Blas elkartea, Kubike aisialdi taldea, Mugimendu Feminista, kultura batzordea eta Urregarai herri eskola eskutik helduta ari dira hezkuntza egitasmo komunitarioa lantzen. Egitasmo horren oinarri dira jolasa eta sormena, horiek baitira ikasteko eta garatzeko haurren berezko tresnak. Esango nuke Aulestiko herria norabide onean ari dela. Era berean, uste dut haur eta gazteak aniztasunean eta berdintasunean hezteko Oinherriko herri hezitzaileen sarea behar-beharrezkoa dela, eta argi izan behar dugula besteengandik asko ikasi genezakeela, enpatia eta asertibitatea ezinbestekoak direla eta inor ez dela egia absolutuaren jabe. Egin dezagun ontologiaren eta herri hezitzaileen aldeko apustua!