Nondik datoz haurrak?
Gogoan daukat nola kontatzen ziguten haurrak zapi batean bilduta ekartzen zituela zikoinak hegaz, bidaia luzeak egiten zituztela gurasoengana heltzeko. Gaur egun ere hegaz datoz, baina hegazkinetan: Ukrainatik, Georgiatik, Errusiatik, Indiatik, Quebecetik edota, nola ez, Miamitik.
Duela hilabete batzuk bazterrak nahastu zituen Ana Obregón Miamiko ospitale hartatik irteten ikusteak, haurdunaldi subrogatuaren bidez jaiotako haurra beso artean zuela. Baina badakigu zer den haurdunaldi subrogatua? Praktika honetan, emakume bat beste pertsona edo bikote batentzat haurdun gelditzen da. Orokorrean, konpentsazio ekonomiko bat egoten da tarteko. Erditu ostean, amak uko egiten dio jaioberriaren seme-alabatasun eskubideei eta familia eroslea bihurtzen da haur horren guraso legala. Beraz, ekintza honen arrazoi nagusia negozioa da, emakume oso gutxik egiten baitu tartean dirurik ez badago.
Haurdunaldi subrogatua emakumeen aurkako indarkeriatzat jotzen du espainiar estatuko legediak eta, hortaz, debekatuta dago. Hala ere, legediak baditu hutsune batzuk eta haurdunaldi subrogatuaren bidez jaiotako adingabea atzerrian adoptatu bada, adopzio hori automatikoki onartu daiteke; eta horixe da, gehienetan gertatzen dena.
Horrelako kasuen berri daukadan bakoitzean ezin dut ekidin 70eko hamarkadan lapurtutako umeen auziaz gogoratzea. Egia da, haurdunaldi subrogatuan, haurdun gelditzen den emakumeak «borondatez» parte hartzen duela prozesuan. Baina bai batak eta zein besteak, atzean duen logika ez zait hain desberdina iruditzen: bikote aberatsak dira emakume pobreak erosten, horien gorputzak beren desioen zerbitzura jartzen.
Egia da baita, lehen, familia aberatsek sekretuan gordetzen zutela ume horien jatorria. Gaur egun, aldiz, harrotasunez erakusten dituzte haien ume jaioberriak: Miguel Bosé, Cristiano Ronaldo, Ana Obregón, Ricky Martin… Eta hain ezagunak ez diren, baina inguruan ditugun beste bikote asko ere. Heteroak zein homosexualak, gazteak eta ez hain gazteak, bakarka zein bikotean. Ez dago estereotipo zehatzik, eta ez da behar, guztiek amankomunean duten gauza bakarra baita praktika hau ordaindu ahal izateko pribilegioa.