Nire etsaien sortzailea naiz
Uda sasoiko lehenengo bainua, goizeko kafe usaina, lagun artean barrez lehertzea, itsaso zaporea, ezezagunekin irrifar trukeak, zuzeneko musika, hurkoak pozik sentitzea, egarria urarekin asetzea eta neguko eguzki izpiak aurpegian sentitzea gustuko ditut. Ene barruko haurra elikatzen dute horiek guztiek. Zorigaitzez gustatuko litzaidakeena baino gutxiago gozatzen dut beraietaz, askotan agertzen baita nik neuk sortutako pertsonaia anker hura, P.
Ene bizitzako pertsonaia nagusietakoa da P, ziur noizbait berataz entzun duzula, nahiz eta agian oraindik identifikatu gabe izan. Bera da une batetik bestera hurbil eta gogor hitz egiten didana, izugarrizko botere gosea eta norbera txiki bilakatzeko nahia duena. Alde batetik bestera ibiltzen da dantzan, inoren energia xurgatzen eta berezkoa dugun argia itzaltzen. Badator eta badoa, abisatu gabe, aterik jo gabe, eta etxeko atea beti zabalik berarentzat. Botere gosea ere nolanahi asetzeko baimena ematen diot nahigabe. Belarrira hurbil eta gogor errepikatzen dizkit behin eta berriz galderak: zergatik egin zenuen hori? zergatik hartutako erabakia? Etengabe errepikatzen dit ez naizela gai, ez dudala lortuko, ez dudala merezi… Eta horrela, apurka-apurka norbere barruko haurra (N) izutzea lortzen du bisita bakoitzarekin.
Ene barneko haurra nire iraganeko bertsio bat da, emozioen, pentsamenduen eta sentimenduen aurrean agertzen dena. Haur horren izuetatik sortu den eta gaur egun naizen helduak aurre egin die ezinezkotzat nituen hainbat eta hainbat egoerei. Hala ere, norbera barkatzeko zaitasunak ditut beti norberaren etsaiak baigara batzuetan. Horietan kasuetan agertzen da P, dena eta denok kontrolatu nahian etengabe, norbere arrakastak eta lorpenak ebaluatuz, arauak ezarriz eta zigortuz.
Zoriontsu izatea dut helburu, baina nire ipuineko pertsonai ankerraren sortzailea naiz. Aurreko guztiak norbere pertsonaren bertsio ezberdinak badira, nola ikasi horiek kontrolatzen?