Nazioarteko Hezeguneen Egunean, gure aldarrikapena: Urdaibai
Gaur, otsailak 2, Hezeguneen Nazioarteko eguna da eta gure plataformak Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurka duen borrokan, garrantzitsua deritzogu efemeride horri erreparatzea eta Urdaibaiko hezegunea merezi duen moduan aurkeztea. Gu ez gara adituak kontu honetan baina defendatzen duguna ezagutzea beharrezkoa da eta zeuok ere Urdaibairi gure begiekin begiratzea gurako genuke.
UNESCOk 1984an izendatutako Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren parte den Gernika-Mundakako erreka izan zen Euskadiko lehena Ramsar zerrendan sartzen, 1993an, eta, ordutik, nazioarteko garrantziko hezegunea da Urdaibai. Izendapen horren atzean izan ziren irizpide ornitologiko eta botanikoei derrigor gehitu behar dizkiogu dituen itzelezko biodibertsitatea, paisaia izugarriak eta garrantzi ekologiko eta kultural paregabeak. Handik eta hemendik jasotako datuek erakusten digute Urdaibai naturagune garrantzitsua dela ur-hegazti migratzaileentzat, nagusiki udazkeneko pasean eta negualdian, eta batez ere, denboraleak direnean. Hezegune garrantzitsuena da Europako mokozabal zuriaren (Platalealeucorodia) migrazio-ibilbideetan atseden hartzeko eta elikatzeko eremua baita. Irizpide botanikoen arabera ere estatu mailako garrantzia du aitortua.
Gure hezegunea, nagusiki, itsasotik sartutako uraz elikatzen da eta maila baxuagoan Oka, Golako eta Mape ibaietatik datozen azaleko ur gezetatik. Egunotan, guztion ahotan dago Oka ibaiaren arroko emari ekologikoa txikitzeko Uraren Euskal Agentziak hartutako erabakia, eta horri Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek EAEko Auzitegi Nagusian jarritako auzi bidezko helegitea. Oka ibaiaren emari ekologikoak lotura zuzena du ekosistemekin eta bertako landarediak eta faunak ezinbestekoa duen gutxieneko ur kantitatearekin. Horregatik, erabaki
horrek arriskuan jartzen du estuarioan dugun biodibertsitatea eta baita hezegunearen osasuna ere.
Bestalde, Urdaibaiko estuarioaren ur ekarpen nagusia itsas mareei lotuta dago eta uraren gora-behera horiek, tarteka-tarteka, padura ederrak ezkutatzen eta bistaratzen dituzte; batzuetan ematen du basamortu erdian urezko sugeak bidea egiten dabiltzala, eta beste batzuetan, ur masa zabal-zabala ageri zaigu, bare-bare. Kolorea ere erraz aldatzen da itsasoaren indar eta klimatologiaren arabera, ur gardenetik lupetzaren iluntasunera pasatuz. Ezegonkorrak diren egunetan, arrunta izaten da hezegunearen ertzetan sastar ugari aurkitzea, mareak indarrez sartu dituen hondakinak eta bitsa, bits zikina. Hondakin hauetatik plastikoak dira asko eta itsasontzietatik botatako objetuak edo mare indartsuek portuetatik lapurtutakoak besteak. Horri guztiari, industriak eragiten duen kutsadura ere gehitu beharra dago. Eta hortxe, gure hezegunea kontenplatzen duen edonori berehala jotzen dio begira Astilleros de Murueta ontziolak. XXI. mendean, halako natur gune babestu batean nekez justifikatu daitekeen okupazioa eta aktibitatea. Gainera, marea beheretan, argi ikusi dezakegu estuarioak erakusten duen kurbaturari haginkada ederra eman diola ontziolak eta urezko sugea zaurituta dagoela.
Estututa ere ikusten dugu estuarioa, mendeetan zehar hainbat izan direlako inguru horretan lehortu eta bete diren lurrak, ustiatu ahal izateko. Ondorioz, funtzionaltasun ekologikoa eta lehen modu naturalean sortutako ihitokiak eta lezkadiak galdu egin ziren. 80ko hamarkadaren bigarren erdialdetik aurrera, nekazaritza eta lurron mantenua bertan behera uzteak, espezie inbaditzaileak ugaritzea eragin du, bertoko landarediaren kaltetan.
Egoera horri buelta eman eta lur horiek berreskuratzeko asmoz, kuriosoa da orain aurkeztu diguten proiektu sasi ekologiko eta jasangarria. Izen txukuna du: “Oka Ibaiaren Goiko Estuarioaren Leheneratze proiektua”. Helburuek ere ez dute zuzenean tranpatxoa aipatzen: “…ingurumen-balio berezia duen inguru hori ezagutzeko, inguru horretaz gozatzeko eta irisgarritasuna eskaintzeko aukera bultzatzea eta sustatzea; eta bertan araututako joan-etorriak sustatu eta antolatzea”; baina hortxe dago tranpa, hortxe eskutatzen da Punta Murueta eta Teileria lotuko lituzken 940 metrotako luzera duen pasabide palafitikoa. Bai, halaxe da. Egunero, milanaka pertsona hezegunera erakarriko dituen azpiegitura. Eta 2021eko azterketa sakon bati esker, badakigu dagoeneko estuarioak presio eta inpaktu handiak jasotzen dituela, eta horregatik hegaztiak era askotako eragozpenen biktimak direla. 2023an Urremendik argitaratutako datuek ere 120.000 bisita zenbatu zituen eremu honetan, argi agertuz estuarioak saturazio trazak zituela eta ahalmen-zama guztiz gainditua.
Hortaz, zertan laguntzen dio palafitoak hezegunearen egoera ekologikoa hobetzeari? Norbaitek erantzunik balu, gustura entzungo genuke. Eta hori ez da daukagun galdera bakarra… Estuarioaren eremu horretan, itsasoaren eta lehorraren jabari publikoaren babesa murriztea be erabaki baita eta ebazpen honek zuzenean egiten du kolpe bertoko habitaten eta dibertsitatearen kontserbazioarekin. Benetan, babes neurri harrigarriak!
Gaur egun bizitzen ari garen krisi klimatikoa eta biodibertsitate galeraren aurrean, ezaguna da hezeguneen balioa kalkulatu ezina dela. Hezegune osasuntsuak, ezinbestekoak baitira gizakien biziraupenerako eta munduko ingurune emankorrenak izateaz gain dibertsitate biologikoaren iturri ere badira. Egoera honetan, guk argi dugu Urdaibaiko hezegunea altxor paregabea dela baina horretarako, alderdikeriak eta etekin ekonomikoa ataratzeko etengabeko nahia alboratu eta gure begiekin begiratu behar zaio hezeguneari: natur gune paregabea dugu, gu denon etxea.
Euskal administrazioen betebeharra da hezegunearen lehengoratzea bermatzea eta modu aktiboan kudeatu eta kontserbatzea, hala baitio Ramsar konbentsioak, bai eta indarrean dauden beste hainbat babes figurek ere. Eta gu denon ardura da horrela izan dadin exijitzea. Edo, ezer egin barik geratuko gara, geure etxea hondatzen utzita? GU BEHINTZAT EZ!