Naturarekiko begirada
Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean, Artze eta Laboa bikote handiaren hitz eta musika. Nik, zera gaineratu nahi nuke: maite ditut maite gure bazterrak arrokek zer izkutatzen duten ikusten uzten dutenean, orduan hasten bainaiz nire inguruko bazter miresgarriak ikusten.
Gure bazterretako natura behatzean zer da ikusten duzuna? Nire alabarekin paseatzera goazenean, eta naturako elementuak marraztu edo izendatzeko eskatzean, zera azaltzen da bere koadernoan: mendia, bailara, itsasoa, itsasadarra, hondartza, ibaia, landareak, animaliak, gizakia,… eta ez al ditu ikusi arrokak? Egia esan, nori interesatzen zaizkio arrokak, ostiko bat eman eta gure ibilbidetik kentzeko ez badira? Naturzaleoi asko. Gure paisaia bere osotasunean ikusteko, gozatzeko, erabiltzeko zein zaintzeko ezinbesteko elementuak dira.
Substratu geologikoa edo arrokak paisaiaren oinarrizko egitura dira, eta, sarritan, bertako biodibertsitatea bere menpekoa da. Arroketatik lurzorua sortzen da, eta lurzoru mota desberdinen gainean landaredi komunitate desberdinak hazten dira. Urdaibaiko Biosferaren erakargarrietako bat, adibidez, Ereñozarren agertzen den artadi kantauriarra da. Artadi horiek ditugu gure bazterretako leku askotan; adibidez, Lekeitio, Aulesti, Markina eta Busturialdean, eta beti kareharrizko substratu baten gainean azaleratzen dira. Urdaibaiko estuarioko bizitza edo Laga hondartzako dunetako landaredia kontserbatzeko ezinbestekoa da, baita ere, hori baimendu duen ingurune fisikoa ezagutzea eta zaintzea.
Eta, gainera, arrokek bere baitan iraganeko beste bazter miresgarri batzuk gordetzen dituztela esaten badizuet? Interesatzen al zaizue jakitea artadi kantauriarra duen substratua, kareharria, duela 100-120 milioi urte itsaspean sortu zela, eta egungo itsaso tropikaletan beha daitezkeen arrezifeetako koral eta beste bizidun batzuen fosilak dituela? Edo garai horietan bizi ziren ammonite zein dinosauruen arrastoak ere badirela gure bazterretan? Itsaspean sortutako kareharri horiek, gaur egun, gune altxatu edo mediak osatzen dituzte, eta bere baitako galeria, kobazulo edo simek azken glaziazioan bizi ziren gizaki eta animalia ezberdinen arrastoak ere gordetzen ditu.
Egungo zein iraganeko paisaia hau ezagutzeko gogoa baduzue, HITZAk luzatutako gonbitea jaso, eta saiatuko naiz alabaren koaderno horretan pintzelada batzuk marraztu, eta zuekin partekatzen. Ordurate, ongi izan.