Mikel Iruskietaren zutabea: "Etxe desjabetzeak eta eskuinekoen diskurtsoa"
Punk-rock akorde batzuk datozkit gogora: “ezkara ezebez”. Izatea problema unibertsala da eta problema hori Euskal Herrian bizi-bizi daukagu. Problema horren beste aldea laburtzen da “eztaku ezebez” leloan, eta ez pentsa gure kulturan, euskal kulturan, garrantzia gutxiago duenik esaldi horrek. Guretzat gure amaren edo aitaren etxea zutik mantentzea legea da: “saldu galdu”. Etxea ez da negoziorako kontua edo negoziorako kontua bada ez da euskaldunon kontua. Nahi baduzue etxea salduz negozioa egiteak ez gaitu euskaldun egiten, ez eta diferente ere.
Hala ere, euskal bankuek negozioa egin dute familia behartsuenei bizilekua kenduz? Hori batzuetan existitzeko arazo ere bada, Barakaldo kasua berbarako ekarriz. Oizmendi Telebista ikusten geundela, zur eta lur geratu nintzen Bermeoko PNVk biolentotzat hartu zuela Andra Mari jaietan taberna bati kalean baimenik barik musika ezin duela jarri esatea, ez dela bidezkoa udal-legea aplikatzea eta “bestelako” bideak bilatu behar zirela datorren urterako horrelako arau hausteak konpontzeko. Geroago egun berean Hitzan irakurri dut, PNVrentzat zenbait enpresa handiei zabor eta ur-tasak igotzea ere bidegabekeria nabarmena omen da, kopuru horretan erabiltzen ez dutenaren aitzakiapean.
Baina, zertan egon ziren, ba, oparotasun garaietan? Eta zertan atzo arte gertatu diren etxe desjabetzeak gertatu direnean? Behar gorrian dauden jende behartsuak etxe horiek bizitzeko erabiltzen dituztenean, zer da, ba, etxetik botatzea? Kontuan hartzekoa da ordaindu ezineko zorrak dituzten enpresa-gizonei edo -andreei (jarri banku enpresa hitzaren ordez) ez dietela bizitzeko etxea kentzen; baina behar gorrian bizi direnei, ordea, bai: etxea eta batzuetan bizia ere bai.
Egia esan, erantzun soziala handitu arte PNVri ez zitzaion biolentoa iruditzen familia behartsuen etxeen desjabetzea. Hori diot hauteskunde kanpainan horrelakorik ez diedalako entzun. Oker banengo ere, geroxeago entzun diot telebistan Bizkaikoen buruari gai hori ez dela beraien arazoa; lege hori Madrilen aldatu behar delako eta hori PPk eta PSOEk egin behar dutelako.
Eta Kutxabanken etxe desjabetzeak, zer? Adibidez, zer du esateko PPk eta PNVk zuzentzen duten Kutxabankek egindako desjabetzeei buruz? Zerbitzu publikoa duen bankuak edo Euskal Herriko etxe desjabetze gehien egin dituen bankuari buruz? Hori ere ez da beraien arazoa? Argi dago etxeen desjabetzea ez dela hemengo batzuentzat “biolentoa”, legea betetzea baizik eta legea Madrilen aldatu arte, ba, legea Euskal Herrian ere bete beharko dela eta ez dela bestelako biderik bilatu behar. Jaietan arreka, bestela isoka.
Lege horren ondorioz hildakoak egon direnean, eta horrek izan duen erantzun sozialaren beldurrez, legea aldatzea bolo-bolo dabil.
Esaterako, Hitza egunkarian eta aste honetan bertan ikusi dugu “bankuak hiltzaileak” leloa, Gernika-Lumon dozena bat lagunek eusten zuten pankartan idatzia. Eskuinekoen interesak defenditzen dituen norbait egon al zen bertan? Baina ez pentsatu Madrilen ez eta hemen ere eskuinekoen gogotik etxebizitza eskubidea zorra kobratzeko eskubidearen aurretik jartzea proposatuko dutenik. Ez. Horiek aberatsen edo nahiago baduzue gehien dutenen pribilegioak defendatuko dituzte gogoz. Batzuetan aberatsen pribilegio horiek defendatzeko, behartsuei apurrak eman eta besteoi erdi-mailako klasea garela sinestarazteko adierazpenak eta lege edo eskubideak onartzen dituzte, zeinak ez diren betetzen.
Baina orduan zer espero dezakegu epe labur honetan? Seguru asko, nire ustea da, orain intentsitate txikiko desjabetzeak baino ez dituztela onartuko. Gizarteko urak bere arrora etorri arte. Baina nork neurtzen du intentsitate txiki hori? Bankari harroek ala agintaritxo hauek?
Herriak bere buruan sinetsi behar du eta besteek egingo dutenaren esperantza albo batera utzi, herririk gabe ez dira ezer!