Gaur ikastolako autobusaren zain egon naiz semeekin eta beste guraso batek, ni baino askoz gazteagoa AEBetako presidente berriaz zenbait aipamen egin ditu, arduratuta. Haserre? Ez dut uste halako aipamenik egingo zukeenik Euskal Herriko edo Europako edozein hauteskundeei buruz. Gero bi irrati programa jarri ditut autoan, lanerako bidean. Benetan negargarriak! Batean kazetariak ez zuen emaitza onartzen eta ezinezkoa gertatu dela sinestarazi nahi izan digu, irratsaioa aldatu dut nazkatuta, eta bigarrenean hauteskundeetako galtzaile bat elkarrizketatu dute eta desjabetze baten aurrean dagoena baino goibelago zegoen, kazetariak ere ez du jakin gizonari adorea ematen. Ba, zer nahi duzue esatea, ba? Horren urrun gertatzen den gertakari batekin goibeldu edota haserrarazi nahi nautenean, kazetariarekin baino ez naiz haserretzen. Bada, AEBetako agintari hori bezain arloteak daude edo egon dira Euskal Herrian, Espainian, Frantzian, Italian, nire ikuspegitik behintzat, eta kazetari horiek ez dute txintik esaten, halakoetan. Egoera honetan zaila egin zait beste gai bati buruz idaztea, aitortzen dizuet.
Baina, zintzotasunez, batzuk genuen esperantza apurra jadanik galdu genuen, Sanders sozialistak utzi zuenean. Bada gero kontua, ez gara ba, inuzente xamarrak oraindik eta behin eta berriro ez zaigu ba, agertzen esperantza, baita AEBetako politikan ere. Edonola delarik ere, etorri bezain ari joan zitzaigun esperantza.
AEBetako gauza positiboa (halakoa ere nabarmentzeko) presidenteaz gain, beste gauza batzuei buruz galdetu eta bakoitzak bere iritzia eman du. Hara begira ari diren askok hobe lukete hori ikasi eta horri balioa eman. Espero dut hemen ere konturatuko garela herritarroi galdetzea demokraziaren oinarria dela, agintari bat ala bestea izan. Eta geuk ere urrun gabe, Busturialdean geure erabakia emateko aukera izango dugu Gure Esku Dago ekimenari esker. Horrekin hasi eta beste kontu garrantzitsu askotan galdeketak egitea aberasgarria eta demokrazian sakondu beharrekoa izango da.
Entzungo al dugu orduan autobusaren zain gaudenean, beste gurasoak horri buruz hitz egiten? Espero dut baietz! Bestela, geuk aipatuko diegu hori.