«Makalan terdixun bazaz laune!»
Makalan terdixun bazaz laune!», esaera horrek halako satisfazino esanahi bat izan dau niretzat, baina nire inguruan ironia puntuagaz erabili izan dabe. Beti harritu nau esaera horrek, ezin neban definidu, ze demontre izango ete da «terdixun»? Eta aurrekoan izan leikeana topatu neban lagun baten oharrari esker: «-ren –tertzioan», aspaldiko bizkaierako idatzietan «-ren tertzijuan» agertzen zana, guk ondarrutarrok «-ren terdixun» ahoskatzen dogulakoan nago.
«Makalan terdixun bazaz» esaerak ez ustean atrapauten gaitu gehienetan, halako nahi bako konplizitatea eskatzeko beharrean, zeozeinek bide bazterrean txizaginan atrapauten zaituenean lez: «Zeu egon beharko zinateke neure moduan zistitisagaz!, barre primo?, ba niri grazirik ez deusta egiten; berak be gutxien uste dauanean, txarrik barik, berea be entzun beharko dau!». «Baina hainbesterako ete da ba?, ironia pixka bat be behar dogu; momentuaren arabera, gehiegi pentsatu barik, «makalan terdixun bazaz!» esateak ezelako txarrik eduki leike ala?, norbere buruari be barre egiten ikasi egin behar da» («halan dino launtzarrak»).
Ironiagaz berba egiteak horixe dakar, esaten danari beste esanahi bat bilatzeko ustezko nezesidadea, sakonean dagonagaz konturatu behar gara, begibistakoa ikustea gatxena bada be. Portuan kamioia alkarregaz kargaten genbiltzala beti esaten eustan lebatz medianea atzeko poltsikoan sartu ostean: «Zu!, igarten jata poltsikoan medianea darodala?». «Ba, bultoa gaineko trapu eta guzti nabarmena da». «Bai, baina zuk badakizulako, behetik behatzen dauanak ez daki eta pentsau be ez dau egiten lebatz medianea poltsikoan daukadala». Ironia horixe da, berbekin begien bistan ipintzea erakutsi nahi ez dana.
Zelan?, aitak urteak pasa ahala gero eta gutxiago entzuten eban; zer esan dozu?, galdetu beharrean, zelan?, galdetzen eban. Halan beste buelta bat emoten eutsan esandakoari, azalpen eta guzti jasoten ebalarik informazinoa. Aitak erabilten eban gor galderak sarri nire bat-bateko ironia proban ipini eban: «makalan terdixun bazaz laune!» «Zelan?» «Potrojorran zagozela!» «Potruk ikutzen ni txo!, ez naz gorra, gero eh!, hamabi urtegaz hasi nintzan beharrean! edozer esateari emonda zabilz ala?, ba kontuz!, ze esaten dabenak, entzuten be jakin egin behar dau!». «Bueno, bueno… ez da hainbesterako eta». Ez?