Leku berdina, perspektiba desberdina
Irail inguruko egunen bat izango zen, ez naiz ondo gogoratzen, egia esan. Estei-osteko migrazioko egun bat zen, hori bai gogoratzen dudala.
Garai hau hegazti zaleontzat berezia da, bueno, berezia baino, espektazio handikoa agian, hemen horren ohikoak ez diren espezieak ikusi daitezke eta. Hori bai, batzuetan zortea daukazu eta ikusten dituzu, baina baliteke ezer ikusi gabe etxera bueltatzea ere.
Egun hartan han joan ginen beste egun bat bezala Busturiako paduretara. Bagenekien ez zela egunik eta hoberena, egoera klimatikoa ez zen aproposena ezta ordua ere. Baina bueno, kamera, teleskopioa eta prismatikoak hartu eta paduretara abiatu ginen. Bertan jarri, dena prestatu eta hegaztiak noiz etorriko zain geratu ginen.
Hegaztiak ez baina gure sorpresarako bikote bat etorri, toalla haretan jarri eta eguzkia hartzen jarri zen.
Lekua berdina, baina lekuarekiko perspektiba oso desberdina.
Guretzat, altxor baten aurrean geunden. Bikotearentzat, eguzkia hartzeko leku bat baino ez zen. Guretzat, milaka kilometro egiten dituzten hegaztien babeslekua zen, marabila bat. Bikotearentzat, atseden hartzeko leku bat baino ez. Guretzat, espektakulu natural baten aurrean geunden lekua kamera eta teleskopioz josita jarri genuen, detaile txikiena ere ez galtzeko. Beraientzat, toalla jartzeko leku bat zen soilik, hori bakarrik.
Zer pentsatu eman zidan egoerak. Agian gu frikiegiak izango ote gara? Edo bikote hau oso interes gutxikoa? Edo agian, biak?
Egia esan, ez dakit zer esan. Hori bai, hegaztien migrazioan Europako babeslekurik garrantzitsuenetako baten aurrean geunden, hori horrela da. Noizean behin hori kontutan hartzea ez legoke txarto.