Lehoiak eta lehoi emeak
Beti gustatu izan zait futbola ikustea. Jokatzeko saiakera ere egin nuen txikitan Bermeoko Futbol eskolan apuntatuta, baina ez nuen denbora asko behar izan futbolarekiko nire tokia harmailan zegoela jakiteko eta kirola egitekotan besteren bat bilatu beharko nuela konturatzeko. Hala egin nuen ba, eta ordutik gaur egunera baloi laranja bat saskiratzen jarduten dut astebururo.
Futbolarekin jarraituz, uste dut kirolarengatik beragatik baino, familiartasun sentimentu bategatik dudala hain gustuko futbola. Etxean beti izan dira oso futbolzaleak; aitona-amonak, eta gurasoak ere bai. Aita batez ere. Ahizpa txiki bat dut, eta nire aitaren helburua gu bietako bat futbolaria izatea izan da beti. Lehenengo saiakeran porrot egin arren, bigarrenarekin zortea izan du, nire ahizpak futbolera jolasten baitu gaur egun.
Oso Athleticzalea den familia batetik nator, eta gure bihotzeko taldea hain ondo dabilenetan ezinezkoa da ez amestea. Beti entzun izan dut etxean Athleticzalea izatearen berezitasun eta garrantzia, eta kontzeptu hori oso barneratuta dut jada. Gizonezkoen taldean bermeotar bi daudela ikusita eta egungo taldearen emaitzak ikusita, inoiz baino gogo gehiago ditut San Mamesera igandero (gaur egun igandero baino, astelehenero esan beharko) aitarekin joateko eta jokalariak hain urrun baina hain gertu sentitzeko.
Baina testu honen ildoa, beste alde batetik doa. Egunkarietan Athleticen Kopako azken emaitzek duten isla ikaragarria da, baina ez bere osotasunean. Emakumezkoen taldeak ere Kopako finalerdietarako tiketa lortu zuen 1-1ko emaitzarekin, partida bukatu osteko penaltietan 7-6 irabazita. Asko hunkitzen nau horrek. Bai ni emakumea naizelako, baina baita ere nire ahizparentzako nolabaiteko erreferente berri eta egiazkoak geroz eta ezagunagoak direlako. Aritz Aduriz, Iñaki Williams edo Iker Muniainez aritu beharrean, agian Ane Azkona, Irene Ogiza edo Ainize Bareaz (Peke) hitz egin dezakete gaur egun futbolzaleak diren neska gazteek. Nahiz eta oraindik kirolarekiko genero bien arteko desberdintasuna nabaria den, gutxi-gutxika emakumezkoen futbola bere tokia hartzen dabil.
Klub batekiko maitasuna etxetik datorren zerbait dela uste dut, eta nire kasuan ezin naiz harroago egon nire aitona-amonek eta gurasoek Athleticekiko maitasun eta miresmen hori irakasteagatik.