Esteban Irusta
Euskal Herrian astearen egunak aipatzeko izen desberdinak erabiltzen ditugu eskualde batzuetan. Horien artean, Mendebaldean «eguena» denari, ekialdean «ortzeguna» deitzen zaio, euskara batuan «osteguna» izenez ezagutzen duguna. Euskalarien esanetan «eguena» argiarekin lotzen dute, eta «ortzeguna», zeruarekin. Kristautasun aurreko euskaldunek, egun horretan, beraien «jainkoei» eskaintzak eta eskariak egiteko erabiltzen zuten. Lana izan da gizasemeen zeregin nagusia historian. Berak betetzen zuen bizitzaren ia denbora guztia, baina beraien sinismen eta sineskerien ospaketek ere bazuten bere tokia. Bazituzten bada, bere atseden egunak, bere «jai» egunak. Gure inguru eta garaietara etorriz, jaiak erlijio katolikoarekin lotuta ezagutzen ditugu.
Herri gehienetan Santu baten inguruan ospatzen dira. Egia da Santuak, herrien «zaindari» deitutakoak, gero eta eragin gutxiago dutela belaunaldi berriengan. Baina sasoi baten, jai nagusia, Santu «Patroiaren» egunera mugatzen zen. Egun horretan, zapata berriak, traje berria, jantzi berriak estreinatzen ziren.
Herriko kantariek, eliza jendez leporaino beteta, meza ospetsuena abesten zuten. Egun horretan, urte guztian ikusi gabeko senide gonbidatuak izaten zituzten mahaikide. Eta ezohiko jakiez gozatzeko aukera izaten zen. Umeak ilusioz beteta egoten ziren zerbait desberdina jateko eta batzuetan ezugutzen ez zituzten senideak agurtzeko.
Jai egunek zentzu guztiz desberdina dute egun, denontzat, gazteentzat batez ere. Elizkizunak betetzen zuen papera desagertu egin da, helduentzat izan ezik. Janariek garrantzi guztia galdu dute, eguneroko jakiak hobeak dira orduko jai egunekoak baino eta. Berdina esan daiteke jantziei buruz. Senideen bisitak ez du sortzen interes berezirik, beraiekin egoteko aukerak, nahiz eta urruti bizi, samurragoak eta sarriagoak izaten direlako.
Zein da egun jaien zentzua? Jende nagusiarentzat ez daukate zentzu gehiegi. Horregatik, ahal badute, herritik kanpora joaten dira egun horiek direla eta. Sarri, jai egunak, atseden egunak izan beharrean, desatseginak bihurtzen dira. Herritik kanpora joaten ez badira, eta gauetan ezin dutenez lorik egin musikaren zarata dela eta, jaiak bukatzeko desiratzen egoten dira.
Neurri handi batean, ekintza asko egunetik gauera pasatu direnez, sarritan egunez jai usainik ere ez da sentitzen. Gauak, aldiz, gero eta sendoago dagoela ematen du. Garai baten, ekintzak gauerdian bukatzen baziren, gaur egun gaua motzegi gelditzen zaiela dirudi.
Zeintzuk dira gaurko jaien helburuak? Garbi dagoena da, ez direla lehenagokoen berdinak. Jaietan gehien gozatzen dutenak umeak eta gaztetxoek direla dirudi. Hauentzat dena edo ia dena da berria. Baina gaztetxoek ematen diete gurasoei buruhauste gehien urteko jaietan eta, batez ere, asteburuetan. Nagusi izateko gogoz, edo edariekin gehiago gozatzen dela pentsatuz, beraien portaerak zeresan asko ematen du gizartean. Egia da, komunikabideek ere ez dutela gehiegi laguntzen beraien jokabideak eta ohiturak aldentzeko. Askotan, jaiak, edanarekin eta gaupasarekin lotzen dituzte, psikologikoki bide horretara eramanez.