Lapurretak
Lapurtu egin digute. Gauez izan da, edo hala uste dugu, behintzat. Gure etxeraino etorri, eta kanpoan aparkatuta dauzkagun kotxeetan ostu digute. Ordenagailu portatila autoetako batetik, eta autopista pagatzeko hor soltean izaten ditugun txanponak, bestetik.
Egun batzuetara jakin dugu ez garela bakarrak izan. Auzoko batzuei etxean sartu zaizkie leihotik, gauez lo zeudenean. Eta apur bat urrunago bizi diren lagunek balkoitik ikusi dute norbait euren kotxean lapurtu nahian. Korrika alde egin du lapurrak, hesia salto eginez. Txakurrak jokoz kanpo uzteko belarrietan min egiten dien zarataren bat erabiltzen omen dutela ere jakin dugu, gainera. Falta zitzaiguna!
Gurean, behintzat, lapurreta ez da hain handia izan. Bai, gauza materialak eraman dizkigute, eta horrek haserretu egiten gaitu, noski. Baina zerbait garrantzitsuagoa lapurtu digute: lasaitasuna. Norbait gure gauzetan eta gure intimitatetik hain gertu ibili dela pentsatzeak, bakea kendu digu.
Azkenaldian, ez gara etxean guztiz lasai egoten. Edozein zarata txikik, pausok edo txakurra zaunkaka entzuteak urduri jartzen gaitu. Egunak pasa ahala joan gara apur bat beldur hori kentzen; hala ere, inkontzienteki hortxe jarraitzen du oraindik. Ba al dago sentsazio garratzagorik norberaren etxean seguru ez sentitzea baino?
Egonezin horrek eramanda, filosofiko jarri naiz. Materialak ez diren edo ikusten ez diren, eta gu konturatu gabe bizitzak berak edo beste eragile batzuek lapurtu dizkiguten gauzen inguruan pentsatzen hasi naiz orduan.
Familiarekin eta lagunekin egoteko, zenbat denbora kendu ote digu, maiz, gehiegi luzatu den lanak? Zenbat lo ordu lapurtuko ote zizkigun gauetan kontrolatu ezin izan dugun antsietateak? Eta zenbat, munduko arazo guztiak konpontzeko etengabe sentitzen dugun beharrak? Zenbat besarkada lapurtuko zizkigun lotsak edo beldurrak?
Milaka adibideren artean, bat ematearren: politikoen gestio txarrak zenbat bular lapurtuko zizkien mamografien emaitzen zain zeuden emakume andaluziarrei? Salba zitezkeen zenbat bizi eramango ote zituen aurretik? Duela urtebete mediterraneoan izan zen DANA hartan, zenbat bizi lapurtu ote zituen mezua garaiz ez bidaltzeak? Zoritxarrez, ez dugu inoiz jakingo.
Ez dakit inoiz kotxeetatik lapurtu digutena berreskuratuko dugun. Zorionez, ez da hainbesterako izan. Eta egoerak kezkatzen gaitu, noski. Hala ere, seguru dakidana da azken lerroetan aipatu ditudan eta askoz garrantzitsuagoak diren beste guzti horiek ez ditugula inoiz berreskuratuko; ez direla inoiz itzuliko. Eta horrek gure etxean lapurtu dezaketenak baino kezka eta atsekabe handiagoa eman dit. Askoz handiagoa.