Kulturaren erizain
Aspaldiko pelikula batean erriflea eskuan duen sheriff edale eta gainbeheran doanak (Jonh Wayne) bere ogibideaz galdetzen dio eskuan biblia duen emakume misiolari bati (Katharine Hepburn). Honek zera erantzuten dio: “Maistra naiz, kulturaren erizain antzekoa”. Erantzun aparta iruditu zitzaidan, bizi dugun testuinguruan agerikoa baita kulturak aje nahikorik baduela. Iragan mendean abangoardia historikoek kultura subertsiboa, emantzipatorioa, askatzailea sortzeko gaitasuna erakutsi zuten. Bi mundu gerren arteko tarte nahasi hartan, xedea, bestelako gizakia, bestelako oinarri batzuetan eraikitako gizartea eratzea izan zen. Baina, teknologiaren aurrerakuntzari atxikita planteatzen zen utopia soziala irentsia eta digeritua izan zen. Nork eta sistemak berak. Hala, kulturaren estandarizazioa, uniformizazioa indartu zen globalizazioaren autobideak nahinora barreiatuta. Indibidualismoa gainditu zen kolektiboaren kaltetan. Begirada motzeko kultura, aurrediseinatutako iraungitze data zehatzarekin. Modaren tiraniari jarraiki, eta testuinguru identitarioak eta historikoak baztertuta, pret a porte aseptikoak kolonizatu ditu herrialde historikoen jatorrizko kulturak, arrisku larrian jarriz beren iraupena. Dena modernitatearen izenean. Teknologiak, demiurgo gisa, ilusio askatzailea akabatu du, garapena edo aurrerakuntza deitzen duten fede itsuaren mesedetan.
Frakaso horretatik datorkigu orain uholde ultraliberala, faxista. Teknokraziak beste jauzi kualitatiboa eman du ekosistema berriak sortuz (Metaversoa, Adimen artifiziala…) eta makina da arau komunak diktatzen dituena. Teknologiak kultura historikoen argia amatatu zuen, eta egungo kultura eta memoriaren arkitekto bihurtu da; autokonplazientea eta autokritikarik gabekoa.
Kulturak badu, beraz, arreta beharrik. Erizainak badu, diagnostiko honen aurrean, zer errezetatu. Birus berrien aurrean izango ote du erremedio egokirik?
Kultura minorizatuok ez dugu besterik alternatibak bilatzea baino; konspirazioari ekitea galderak plazaratuz (mayeutika, ezagutzak erditzen laguntzeko artea) emaginen antzera, erantzun egokiak aurkituz, erresistentziaren kultura erditzen laguntzeko. Ez ikusiarena egiten jarratzen badugu, entzungor bagaude, hondamendira abiatuko gara, erremediorik gabe. Kendu diguten edo falta zaigun horren jabe egin behar dugu. Gabezia indargune bihurtu, beti zerbait faltan duenak sentitzen baitu mugitzeko, bilatzeko bulkada. Faltan duguna sortu behar dugu kolonialismo kulturalaren antidoto gisa; guk eta orain, ezaren gudari ekinez, ezen Oteiza parafraseatuz “heredatzen den libertatea ez da kontserbatzen”. Gu erditu behar gara kultura berri batez. Eta kontuz nori leporatzen diogun honen guztiaren errua, populismoaren erriflearekin tiro egin aurretik. Etorkinei ez; kultura-politika katastrofikoei bai (ETB1 kasu).
Andele, mariachi!!!