Kazetar(H)itza
Txiki-txikitatik argi izan dut kazetari izan nahi nuela. Beti imajinatu izan dut nire burua, telebistan, zuzenean, albiste diren gertakizun horiek bertatik bertara kontatzen. Herriko jaietan ere, han ibiltzen nintzen, mikrofonoa eskuan hartuta, sariak banatzen edo zozketen irabazleak nortzuk ziren esaten.
Hein handi batean, uste dut eskolan sortu zitzaidala komunikazioarekiko pasioa. Izan ere, Allende Salazarren garrantzia handia ematen diote komunikazioari eta ahozkotasuna lantzeari. Astean hirutan irrati programa egiten genuen ikasleok, eta han, mikrofono baten aurrean lehenengoz jartzean sentitu nuen pozak bizirik dirau oraindik.
Hain zuzen ere, eskolako irratirako albisteak prestatzen genituenean ezagutu nuen Busturialdeko Hitza. Sortu berria zen orduan, eta informazio iturri zuzen eta nagusia izan zen guretzat: gure eskualdearen egunerokotasuna xehe-xehe lantzen zuen, gertuko ikuspegi batekin, eta noski, euskaraz. Aspaldi ez naiz gure eskolan egon, baina apustu egingo nuke, bertako irratian informazio iturri garrantzitsuena izaten jarraitzen duela gaur egun ere.
Busturialdeko Hitza bidelagun izan nuen kazetaritzarekiko maitasuna deskubritu nuenean, eta nire aldamenean jarraitzen du oraindik. Aurten, gainera, zutabegile izateko ohorea eduki dut. Opari bat izan da niretzat, herrigintzaren, euskararen eta gure eskualdearen alde lan egiten duen proiektu honetan nire aletxoa jarri ahal izatea.
Egunkari hau aurrera atera duten, eta oraindik, lanean jarraitzen duten guztiekiko sentitzen dudan miresmena oso handia da, eta bertako langileek duten profesionaltasuna txalogarria iruditzen zait. Ez da erraza, hedabide txikietan lan egitea. Baldintzak ez dira onenak izaten, eta maiz, gehiago du bokaziotik, ofiziotik baino. Horrela izanda ere, ezin daiteke uka egunkari hau erreferente nagusia dela gure herrian.
Behin eta berriz, eta Gabonak gainean izanda gehiago, multinazional eta saltoki handietan erosi beharrean, gertuko, herriko, merkataritzan kontsumitzeko kanpainak sustatzen dira instituzioetatik. Eta nik, lerro hauek baliatuta, mezu bera helarazi nahi nuke kazetaritzarekin: gertuko eta kalitatezko informazioa kontsumitzeko; bertoko hedabideen alde egiteko, eta batez ere, Busturialdeko Hitza babesteko.
Zorionak, bihotz-bihotzez, 20 urte hauetan egindako lan guztiarengatik! Desinformazioaren aroan, eta kalitatezko eta gertuko kazetaritzak une zailak eta ilunak bizi dituen garai hauetan, jarrai dezazuela, urte luzez, gure bidea argitzen duen izartxoa izaten.