Kareharrien baitan historiaurrea
Gure eskualdeko behe Kretazeoko (duela 120-100 milioi urte) kareharri arrezifalak dira gaurkoan ere gure ondarearen erakusle. Oraingoan, ordea, bere baitan aurkitzen diren historiaurreko aztarnategiak dira protagonista.
Kareharri hauek duela 40 bat milioi urte airepean geratu ziren eta, ondoren, milioika urtetan, karstifikazioa jasan dute. Prozesu hau, kareharria ur gezarekin eta materia organikoarekin kontaktuan jartzean gertatzen da, sortutako ur azidoak kareharria disolbatu eta erliebea arraildura eta zuloz betetzen duenean. Gure eskualdeko herri asko paisaia karstiko honen eremuan kokatzen dira eta lurrazpia sima, galeria eta haitzuloz beteta dago. Horietako kobazulo askok azken glaziazioaren (Würm) aztarna paleontologiko eta arkeologikoak dituzte.
Mutrikuko Kiputz IX-a, esaterako, tranpa natural gisa funtzionatu zuen sima da eta duela 18.000 urteko ingurune naturala modu fidagarrian berreirakitzeko aukera eskeini du. Bertan, klima hotzera moldatutako hainbat animalia exotiko aurkitu dira; aipatzekoak, besteak beste, Altamira kobako pinturetan azaltzen den estepako bisonte espeziearen buruhezurra eta elur-orein ugariren hezurdurak.
Busturialdea eta Lea-Artibain ere badira aipamen handiko kobazuloak eta gehienak goi Paleolitiko bukaerako Magdalen adin kulturalekoak dira (17.000-11.700 urte bitartekoak). Lekeitioko Santa Katalina aztarnategiko aurkikuntzengatik dakigu Homo sapiens ehiztari-biltzaileak harrizko eta baita hezurrezko tresnak eta artelanak egiten zituela. Aurkitutako izokin, amurarrain eta bakailoen arrastoek ere, ibaian zein itsasoan arrantzatzen zutela adierazten dute. Bertan itsas txori asko ere aurkitu dira, garai honetako Europako hegazti aztarnategi aberatsenetarikoa delarik Santa Katalina.
Labar arteari dagokionez, santutegi garrantzitsuak ditugu ere. Horra hor, 2008. urtean Gizadiaren Ondare aitortu zuten Kortezubiko Santimamiñeko koba, edo Lekeitioko Lumentxa eta Armintxe eta Berriatuko Atxurra kobazuloak. Aipatzekoak dira koba hauetan aurkitutako bisonte, zaldi, lehoi, orein eta elur-orein bakan batzuen pintura edota grabatuak. Amorotoko Abittaga kobazuloa ere Magdalen aldiko aurkikuntza garrantzitsuen lekuko izan daiteke.
Gaur, eskualdeko aztarnategi askoren aurkikuntza eta ikerketan aurrekaria izan dugun Jose Miguel Barandiaran (Ataun, 1889-1991) gogorarazi nahi nuke. Testua idatzeko aukeratutako musika, oraingoan, R.M. Azkue (Lekeitio 1864-1951)-ren Vizcaytik Bizkaira (1895) zarzuela izan da.