Kapitalismoaz
Lehendabizi, zorijonak Kai! Duela lau urte Lorea eta biok izeko-osaba bihurtu ginen lehenengoz. Alaia, Kai, Elorri, Nikole eta Aihen; zein baino zein ume maitagarriagoa. Zorte itzala zuekin daukaguna.
Mario Mazzeok eta Carlos Martellek argitaratutako liburuko Kapitalismoaren kapituluaz arituko natzaizue. Bi idazleok Jose Mujicari eginiko elkarrizketan oinarrituta dago liburua: Semillas al viento. Liburuan kapitalismoaz Mujicak aipatutako ideia nagusiak partekatu nahi ditut zuekin artikulu honetan.
2050ean biztanleriaren erdia Afrikan biziko dela inoiz pentsatu al duzue? Horrek ehun urte barru lehen zuria zen Europa kafe-esnezkoa bihurtuko du, baina prest al gaude egungo Europa kapitalistako biztanleak kafearekin nahasteko. Mujicaren arabera, beharbada gizateriak ez du nahikoa denborarik izango suntsitzen ari den ingurugiroa berreskuratzeko; sarritan egin diot galdera hori neure buruari. Baina horri buelta emateko egiten diren planteamenduek kapitalismoarekin talka egiten dute, eta behar duguna iraultza bat baino zerbait gehiago da.
Erromatarrak Iberiar penintsulara heldu aurretik katamixarrek aukera zeukaten Mediterraneotik Atlantikora lurrik ikutu barik joateko, eta gaur egun? Bueno, hegazkinean seguru baietz. Kapitalismoa gezur batean oinarritzen da funtzionatzeko. Hau da, kapitalismoak kontsumismoaren zoriontasuna promesten digu, jakinik guztiontzako ez dela izango. Mujicak dioenez, guztiok yankien gisara bizitzea erabakitzen badugu, munduak ez du eutsiko.
Gizarte kapitalistan bizitza garrantzitsua da, baina jabegoa are garrantzitsuagoa da. Mujikak maisutasunez aipatzen du kapitalismoaren pilula irentsi genuela, eta aldaketari beldur diogula. Munduaren bilakaera aztertuta ez bagara gai gure ikuskera aldatzeko, artaburu galantak gara. Berak esperantzari eutsi nahi dio; beste bide batzuk egon behar direla uste du, eta sugarra piztuta utzi beharra azpimarratzen du.
Zorionez, aurreko igandeko Espainiar Estatuko gorteetarako hauteskundeen emaitzek zabalik utzi zuten kapitalismoari aurre egiteko gobernua osatzeko atea. Mujicak aipatzen duen sugarra piztuta mantentzeko eskatuko nieke beren burua sozialistatzat duten talde politikoei; ausardiaz kapitalismoari aurre egiteko politikak garatzeko eskatuko nieke. Uruguaiko presidente ohiak oso argi dauka: “No se puede construir un edificio socialista con albañiles capitalistas”.
Eskerrik asko, Pepe!