Josi gabeko azaleztatzea
Ez da atzo goizekoa. Tamalez. Ta goiz bakar baterako aski, edo asko. Biak. Zenbakiek errealitatearen jakintza helarazteko dohaina dute. Bai eta, oihartzun egiteko ahalmena izozteko ajea ere.
3.075 dira langabetuak abuztuan Hego Euskal Herrian, 5 dira Deban agertutako pintada gorrotagarriak, 31 dira lan istripuz hildakoak, mila milioi dolarretik gorako jabetza duten 2.200 pertsonen aberastasuna 2.500 milioi dolar handitzen doa (egunero), 2019a da oraindik Alarde baztertzailea existitzen den urtea, 5,25 milioi euro eta 8 pertsona dira Googleek Europar Parlamentuari presio egiteko dituenak (gardentasunez onartuak bederen, Telefonicak 2 milioi eta Iberdrolak milioi erdi) eta 600 milioi euro dira inbertitu dituenak datu banku berria sortzeko, 40.000 tik gora dira sei hamarkadatan arrazoi politikoengatik atxilotutako Euskal Herritarrak, 7.666 euro dira demokrazia patriarkalean emakumeon soldata arrakalaren adierazle eta 400 dira lan orduak gehiago, Iberdrolak 60 milioitako balioa du burtsan, 29 dira eurotan langabeziak -gaizki- bizi irauteko onartzen digun eskubidea Ipar Euskal Herrian (eguneko), mundu tenperaturaren igoera 2ºC azpitik mantentzeko zentsuzko kostua gure gain hartuta munduko isurketek %40 eta %70 bitartean murriztu beharko genituzke 2050 urterako, 60.000 euro dira Donostiako udalak ordainduko duena Woody Allenen azken filma ordaintzeko, 72.843 Amazonetako sute kopuruak –Afrikan zertan ari gara?–… Ta… larrialdi dei bat «permiso para rescatar» Munduko biolentzia hiru hitzetan jasoa.
Ez dago distopiaz koloreztatutako azken urteetako produkzio luze –eta entretenigarria– gain elikatzeko saiakerarik idatzi honetan. Etorkizunaren nostalgiaren konforta ez ote dugu gustukoegi? Hanka bat lokatzetan sartuta bizitzea zer den ikas liteke elur eta izotz artean, irakurri dut mendi kontakizun baten. Metafora ederra –edo hobe esateko gogorra– orainarentzat.
Betiereko garapenaren amets –orain gaiztoa– bizitzen ari gara. Bizi eta planetaren finitutasunari –ta zaurgarritasunari– entzungor interesatuan, gutxi batzuen metatzea ahalbidetzeko gehiengoaren prekarietatea zein pobrezia betikotu behar dituen logika darabil kapitalismoak.
Sistema bidegabea da erpin ezberdinetatik. Bide/gabea, hitzaren zentzu literalean, etorkizunera biderik ez duen –eta diruz errentagarria izan ezean pentsatzea interesatzen ez zaion– ordenu soziala izatean. Absurdo(egi)a badirudi ere. Bidegabea, zentzu literarioan, bizi izate injustua da. Herria eta herritarrak suntsitzen dituen sistema da, gehiengoarentzat bizigaitza den ordenua da, ezinbestean indarkeriazkoak izan behar duen logika.
Eta krisiaz –singularrean– hitz egingo digute gaur beldurtzeraino, atzo garapenaren mantra eta kontsumora bultzatu gintuzten horiek –ta guk bete– , bihar gogorarazteko norberaren ardura eta errua dela beraz arrakasta –kapitalista noski– lortu ez izana, edo petrolioa agortzen egotea, edo itsasoa plastikoz josia egotea, edo gaixotasun arraro horren ikerkuntzarako diru nahikorik ez egotea, edo soineko laburregia eraman izana, edo etorkizun –jada ez hobe baizik eta– erreal nahiz bizi duin bat imajinatu izana… Etorkizuna da eszenatokia, biharra, gaurtik etorriko den hori. Baina era berean, inoiz etorri etortzen ez dena. Bihar gehiago garatzeko aukera baitago, edo zuloratzeko.
Rafeef Ziadah palestinarrak Gazan bonba soinuak entzuten zituen artean idatzitako poemak -umiltasun osoz- gure eginaz «we teach life, sir». Eskertu ezinezkoa da bizitzaz erakutsitakoa zuek, los nadies guztiek. Hausnartzen, deseraikitzen, praktikara eramaten, bizitzen, batzuetan akats egiten, imajinatzen… segi dezagun egunerokoan eta esparru ezberdinetatik ekiten. Ez da soilik norbanakoaren aukera, baina bada hori ere. Gaurdaino oraindik ez dakigun horren bila joatearen plazerra izango dugu.