Jolasa eta jokoa
Gozamenetik eta liluratik ari naiz bizitzen 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Jokoan da bertsozale fidelok (baita beste guztiok ere) lau urterik behin jasotzen dugun opari ordainezina.
Getxon hasi eta Iruñearaino doa bertsoaren trena, tartean Arrasate, Gotaine-Iribarne, Gasteiz, Donosti, Lizarra, Elizondo, Donibane Garazi, Irun, Durango, Amurrio, Baiona eta Bilbon geldituta. Zazpi Euskal Herriak ukitu ostean, Nafarroa Arenan emango zaio azken errematea.
Gogoan daukat 2013ko Txapelketa Nagusian, Legazpin jokatutako kanporaketa batean Igor Elortzak botatako azken agurra. «Zoriontsuak zuek, zoriontsuak gu, bi hilabeterako plazerra daukagu». Hain izan da handia gozatua, ohartzerako azken txanpan sartu garela. Konturatu orduko, bukatzera doa gure plazer iturri hau. Zapatuan [abenduak 3] jokatuko da Bilboko Bizkaia frontoian bigarren itzuliko hirugarren eta azken finalaurrekoa, bere alde on eta txarrekin. Azken saio honetara arteko itxaronaldia luzeegia izan den arren, matematikak gauzatuta eta kalkulagailuari eraginda iritsiko gara denak, bai kantura baita entzutera ere. Zapatuko zein gainontzeko bertsolariek badakite Baionako saioaz geroztik nun dagoen sailkapen mugarria, eta datu hori eskertu egiten den zerbait da. Kartak mahai gainean daude eta puntuen langa ezarrita. Hargatik eta inguratzen duen denagatik, egun handia da biharkoa. Kartel ederra, leku paregabea eta jokoan dagoena begiratuz gero, broma gutxitan ibiltzeko data.
Honen ostean, finala baino ez zaigu gelditzen eta hala amaituko zaigu BTN22, begi kliska batean. Goian aipatutako Elortzaren bukaera hartatik 4 urtera, zera kantatu zuen Maialen Lujanbiok, Donibane Lohizuneko finalaurrekoko hasierako agurrean: «Laster pentsatu egin beharko da asteburutan zer egin». Bakoitzak bere ahots, barren eta plaza desberdinetik abestu zuen arren, erabat bateragarriak dira durangar eta hernaniarraren agurrak. Ez zaie arrazoirik falta, irailak 24az geroztik kanporaketen lekuaren eta orduaren funtzioan antolatu baititugu gure asteburuak. Euskal Herriko herri politak, paisaia ederrak eta bazkaltzeko txoko gomendagarriak ezagutu ditugu saioetara bidean eta hala jarraitu nahiko genuke abenduaren 18ra arte.
Hurbileko bertso kideak hauspotu ditugu beraien ametsak irauten zuen bitartean, babestuta sentitu daitezen. Idoloak hanka sartzen ikusi ditugu, lurtarrak eta gizakiak direla ohartzeraino. Izen berriekin ilusionatu gara, orain arteko finaleko ohiko zerrenda eraldatzeko hautagaitza sendoa erakutsi dutelako.
Goza dezagun geratzen zaiguna. Plazak astebururo bertsoz beteta dauden arren, gure bertso-motxila datozen lau urterako asetu behar dugu eta. Ederra bezain gaiztoa da lehiaketa hau, baina aurten ere ale gogoangarriak utzi dizkigute protagonistek. Ez gaude kexatzeko moduan, ez horixe. Biba bertsoa!