Izenetik izanera gogoa zubi
Ikasturte honi hezkuntza curriculum berriaren ezarpenarekin eman diogu hasiera. Hezkuntza Sailaren esanetan –ikasturtero moduan-, ikasle bakoitzaren garapen pertsonal, sozial eta profesional ahalik eta hoberena lortzea da xedea. Hau da, irakasleok ikasleekin zeintzuk helburu erdietsi beharko genituzkeen zehazten du curriculumak. Baina, nola lortu hori? Izenetik izanera gogoa zubi.
Izan ere, Hezkuntza Sailak euskal hezkuntzaren azterketa edo analisi integrala gauzatuko duela adierazten du, diagnosi bat egiteko eta horrela ikaslegoaren emaitzak hobetzeko asmoz, azken hamar urteotako emaitza eskasenak lortu baitira. Esaterako, ez bakarrik ikasleen jakituriak ebaluatzea, baita irakasleak, zuzendaritza taldeak, eskolak, eduki kurrikularrak eta familiak ebaluatzea ere –eta Hezkuntza Saila bera ez al da ebaluatuko?–.
Gauzak horrela, gobernuaren intentzioak aztertuz gero, uler daiteke hezkuntza izaten ari den zailtasunen edota arazoen jopuntuan irakasleok gaudela, besteak beste. Honen kontra, momentu honetan, esango nuke irakasleon trabarik handiena Hezkuntza Saila bera izaten ari dela. Irakasleok gero eta betebehar burokratiko gehiago ditugu, sarritan ikasleen garapen integralarekin zerikusirik ez daukatenak eta azkenean ahaztera uzten ditugunak. Horregatik, ikasleen ikasketa esanguratsuari arreta jartzeko denbora mugatzen digute, betebehar hutsalez itota gaudelarik.
Argi utzi behar dugu: irakasleok ez gara denera heltzen. Askotan, garrantzitsuak ez diren kontuak egiten egoten garenaren sentsazioa izaten dugu, hala izanik azken finean, edota gure konpetentzia ez diren egitekoak. Bestalde, jarduera asko zerotik egiten hasten gara, eta hauek Hezkuntza Sailak berak erraztu beharko lituzke. Halere, irakasleok planto egin behar dugu behingoz, fokua ikasleengan jarriz batez ere.
Beraz, ziur nago hainbeste lan burokratiko eta gehienetan baliogabe izan ordez, ikasleen ikasketa prozesuari erantzuteko denbora, materialak, tresnak zein estrate- giak eskaintzea dela irtenbidea. Hobetzeko asmoz bada, ebaluatzea ondo dago –nork bere burua barne–, baina ordua da baliabide adierazgarriak eskura izateko. Irakasleon lana xehe-xehe aztertzeari utzi eta ganorazko behar adina errekurtso emateko. Gobernutik lana erraztu eta optimizatu behar zaigu, aurrerapenak eginez eta hauek praktikan jarriz, horrenbeste hitzontzikeria esan edota idatzi beharrean. Ikasturteroko komediak, eta bitartean, irakasleok ituan.