Itsasoari begira
Nork ez ditu Itsasoari begira gogoeta edo hausnarketa batzuk egin? Benito Lertxundi eta Jon Maiaren musika eta hitzak hautatu ditut oraingoan testu hau idazteko. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritar guztiok Kantauri aldamenean ez izan arren, guztiok itsasoa libre eta zabal dugu aurrean, izkina guztietan. Izan ere, Jurasiko edo Kretazeoko itsasoaren gainean gure zuhaitza landatu dugu, eta gure herriak hazi dira.
Aulesti eta Nabarniz inguruko arrokek, adibidez, Jurasikoko (duela 160 Mu edo milioi urte inguruko) itsaso ireki eta epelean bizi ziren ammonite eta arrain fosilak dituzte. Ugariagoak dira behe Kretazeoko (duela 120-100 Mu) itsaso tropikalaren aztarnak dituzten arrokak. Garai hartan dinosauroak Errioxa, Burgos eta Soria aldean paseatzen ziren bitartean, gure eskualdea karbonatozko itsas-plataforma zen. Itsas hondoa zartatuta zegoen eta altugune eta sakonuneen alternantziaz osatuta zegoen. Altuguneetan koralezko arrezifeak garatu ziren bitartean, zona hondoratuetan eremu sakon eta ilunak zeuden. Bi ingurune itsastar hauen txandakapena beha daiteke gure eskualdean.
Lekeition, Lumentza edo Otoio mendian dauden kareharriek, batez ere, ingurune arrezifal horretan bizi ziren koral eta errudista bibalbioen fosilak dituzte. Antzeko arrokak ikus daitezke Santa Eufemi edo Arno mendian edo Markina-Xemein, Ereño, Ea, Ibarrangelu, Mundaka eta Bermeo inguruetan. Kareharri fosiltsu hauek harri apaingarri bezala ustiatu dira, «Rojo de Ereño» edo «Negro de Markina» direlarik ezagunenak. Gure etxeetako horma edo atarietan, espaloietan edo frontoietan azaltzen dira. Harri jasotzaileak ere kareharri hauek erabiltzen dituzte. Gure paisaian, kareharri arrezifal hauek, sarritan, erliebe altxatuak edo mendiak dira eta hauen aldamenean kokatzen dira goian aipatutako sakonune edo zona hondoratuetan sortu ziren hareharri, tupa zein lutita ilunak. Material hauek ere eraikuntzetan erabili dira; aipatzekoak adibidez, gure kaleetako adokinak.
Abestiari zera gehitu nahi nioke, Heldu herria sustraietatik, Tira eta gora Jaso, Jarri Kantauri edo aitzineko itsasoa aurrean eta mantendu zutik hari so, eta Ispilu hortan ikus gaitezen, herriz herri, auzoz auzo. Izan ere, iragan urruneko zein egungo mundua deskubrituz, hobeto ezagutuko dugu zein lurraldekoak garen. Eta nik ere,…oraindik ez baina…, azken arnasa eman nahi nuke Kantauri edo Kretazeoko itsasoari begira.