Itsasoan gertatzen dena gure etxe parean hasten da
Flyschak plastikoz beteta ikusteak harrabotsa eta kezka sortu du azkenaldian, gure kostaldean dagoen kutsadura eta zikinkeria dela eta. Baina itsasoan amaitutako hondakin horien zati handi bat gure lurraldetik bertatik irten dira, eta hori oso gutxitan aipatzen da, eta, aipatuta ere, ez da zehazten. Jendeak barneratu behar luke itsasoko irudi horiek gureak ere badirela, eta arazoa gainditzera beharturik gaudela. Horrrek izan behar luke hedabideen lana. Baina, ordea, esaten digute itsasoko milaka kilo hondakinen arazoa globala dela. Bertoko erakundeek ere gaitz honen aurrean ez dituzte beharrezko neurriak abian jartzen. Ez gaituzte hezten.
Zenbat aldiz gelditzen naiz ibaiari begira, eta zenbat aldiz ikusten ditut plastikoak eta bestelako hondakinak beren bidea hartuta, itsasorantz txalupa bezala doazela. Holako irudiak parean izatean garbi gelditzen zaio bati ez herritarrek ez erakundeek ez diotela gaiari behar duen garrantzia ematen: ez gara ohartzen ingurumenarekin arazo handia dugula. Baina sinetsita nago, ingurua eta ibaiak holaxe ikusita, behartuta gaudela haien egoera aldatzera.
Ezin da onartu itsasoak jasaten duen kutsadurarekin gora eta behera ibili, eta, aldiz, ibaien egoeraz ezer ez esatea. Hondakinek ez dute dagokien edukiontzian edo lekuan amaitzen, edozein bazterretan baizik. Hor dago gakoa: kudeaketa arazo baten aurrean gaude.
Ubideak, errekak, ibaiak… itsasoaren zainak dira, eta hemen gertatzen dena gero itsasoan islatzen da. Berriro errepikatuko dut: itsasoan gertatzen dena gure etxe parean hasten da.
Zalantzarik ez dut beste kontzientzia maila batera igo behar dugula.
Itsasoak bakarrik jakingo du egun hauetan zenbat milaka kilo hondakin jasotzen ari den, gure ibaiek garraiatuta. Hondakin horietatik zati bat berandu baino lehen ikusiko dugu itsas ertzean. Baina, esan bezala, zati bat bakarrik, gainerako guztia itsasoan desegingo baita, bertan kutsadura geruza iraunkorra sortuz eta bizitza akabatuz.
Barneratu behar dugu hondakinek ibaietan amaitzea arazo bat dela eta ingurumenari kalte handiak sortzen dizkiogula. Udalek eta foru aldundiek sentsibilizazio kanpainak eta neurriak abian jarrita, eta horiek denboran mantenduta, aldaketa handia ekar dezakete. Dena daukagu irabazteko, keinu txikiekin handiak izan daitezke lorpenak.
Benetan itsasoren egoerak mintzen bagaitu eta hortik iristen zaizkigun irudiak aldatzea nahi badugu, eman dezagun urrats bat aurrera. Has gaitzen itzultzen ibaiari kendutako eskubideak.