Itota
Azkenaldian sentsazio hori daukat egun guztian zehar, baita lo nagoenean ere. Egun guztia itota egongo banintz bezala sentitzen naiz.
Zorioneko emakumea naiz. Lan asko daukat, eta egiten dudan hori maite dut, asko, izugarri gozatzen dut. Lanaz gain, pasioa da. Hala ere, azkenaldian, konpromiso itsaso batean itotzen ari naizela sentitzen dut. Ahaleginak egin arren, ez dut lortzen neure buruari ezarri izan diodan ekilibrio hori mantentzea, izan ere, sentsazioa daukat ez naizela heltzen maite ditudan horiengana behar den bezala edo nahiko nukeen bezala.
Nire semea da nire altxorrik handiena. Beti behar izan nau, edozein umek ama behar duen bezala, baina orain, harik eta gehiago, ikasketak gero eta gogorragoak dira, eta laguntza ematea ezinbestekoa da. Hor egon nahi dut harentzat, lagundu eta gidatu, baina sarritan sentitzen dut ez naizela iristen, edo behintzat ez naizela nahi dudan beste edo biok behar dugun beste iristen. Huts egiten ari naizela sentitzen dut, ez naizela nire ama rola behar den bezala betetzen ari. Eta horrek barrutik apurtu egiten nau…
Nire aita funtsezko zutabea da nire bizitzan. Bere kabuz ondo moldatzen den arren, behar duen denbora guztia ez diodala eskaintzen iruditzen zait eta horrek ere barrua mintzen dit. Nire denbora mugatua da berarekin eta zerbait zor diodan sentsazioa izaten dut gauero, ohera sartzen naizenean…
Egia da alboan daukadana, nere bikotea dela nire heldulekua. Bera beti dago hor eta nire egunerokoa izugarri errazten dit, inork baino gehiago. Eskerrak berari, egia esan! Baina garrantzitsua da biontzat denbora ateratzea ere, hori ere ezin dugu galdu, baina ezin nahi beste dedikatu elkarri…
Semea, aita, bikotea eta ni neu. Neure buruarekin lasai egon eta behar dudana emateko denbora ere oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Beti izan naiz oso pertsona autonomoa, eta neure buruarekin lasai eta ingurukoekin gustora eta ondo egoteko, beharrezkoak ditut neure momentuak ere… Denbora falta, nire itzal iraunkor bihurtu da beraz, azken aldian. Nire ardura eta grina guztiekin oreka mantentzen ahalegintzen naiz beti, baina desorekatzen hasi da dena, eta batzuetan itota sentitzen naiz. Itomen-sentsazio horrekin bizitzea nekagarria da. Ama presentea izan nahi dut, alaba arretatsua, bikotea eta baita profesional ona ere, baina batzuetan egunak ordu gutxiegi dituela iruditzen zait… Beste batzuetan, ordea, gehiegi ere bai.
Ziur nago irakurtzen zaudeten asko ontzi berean zaudetela, gure grinen eta erantzukizunen arteko dendua aurkitu nahian. Agian, gakoa denera ezin garela heldu onartzea da, ez nahi dugun bezala behintzat, eta ondo dagoela une bakoitzean benetan axola duena lehenestea, errudun sentitu gabe. Oreka bilatzea etengabeko borroka da eta ez nago prest amore emateko. Neure buruarekin atseginagoa izaten ikasi nahi dut, nire mugak onartzen eta lortzen dudana baloratzen, baita perfektua ez denean ere. Izan ere, egunaren amaieran, garrantzitsuena egiten dudan gauza bakoitzean jartzen dudan maitasuna eta konpromisoa da, nahiz eta beti ez iritsi nahiko nukeen bezala. Pasioaren eta erantzukizunaren arteko oreka, hori da aurkitu behar dudana.