Iruditegia deseraikitzen
Hor zaude, ohean botata, scroll infinituan murgilduta. Scroll eta scroll eta scroll. Txarto sentitzen hasia zara, ez baitzaude ez lanean, ez ikasten. Alegia, produzitzen. Mugikorra albo batera laga, eta jasotako input-ek zugan izan duten eraginari buruz pentsatzen utzi zaituzte. Ohean etzanda, gaua da, baina hiriko argiekin ez dago izarrik ikusterik.
Hain gustukoa zenuen zure etxea zaharra iruditu zaizu, ez da modernoa, Instagrameko profilek erakusten duten horietakoa. Ez dakizu noiz gertatu den aldaketa. Noiz hasi zinen galdetzen ea etxeko hozkailua zergatik den zuria eta ez metalikoa. Zergatik ez duen izotzak egiteko aukera integratua. Zergatik ez den bi atekoa, Tik Tok sare sozialeko profiletan agertzen diren horietakoa.
Badirudi, nahi baino gehiago eragin dizula azken hamar urteetan zehar egunero ordu bat sare sozialei eskaintzea. Ordu guztiak batuz gero, zifrak ikaratu egiten baitu. Baina ez da hozkailuaren kontuarekin amaitzen, haratago doa. Etxe berri gehienak zuriak direla esan diezu gurasoei. Etxeko hormek granitoa dutela eta ez dela batere atsegina. Egurrezko altzariak direla orain modan daudenak.
Oporrak dituzu, baina bidaiatzeko dirurik ez. Sare sozialetako profiletara zerbait erakargarria nola demontre igoko duzun galdetzen hasia zara zeure buruari. Kirola egiteari ekingo diozula diozu, gustuko ez duzun arren. Txirrindularitza hobetsi duzu hasiera batean, baina konturatu zara ez dituzula punta-puntako gailuak.
Iritziz aldatu duzu. Maratoi erdia da zure hurrengo zeregina. Entrenamendua, zure etxeko lanak. Lanetik nekatuta iritsi ostean, Strava aplikazioan behintzat zerbait ikusgarria igotzeko zerbait izan dezazun. Jarraitzaileak harrituko dituen saioa. Bihotz taupadak altuegiak diren horietakoa.
Korrikan egitea, mendi-lasterketak eta maratoiak bilakatu baitira gaur egungo egin beharrekoak. Baina kontuz, ez zaitez astiroegi joan, ez bazaituzte korrikalaritzat hartuko sei minutu t’erdi azpitik egiten ez baduzu kilometroa.
Benetan ia derrigorrezkoa bilakatu dena kirol saio osteko brunch-a da. Kafetegi aesthetic batera joan eta zure matcha coffee har dezazun.
Konturatu ez bazara, jakin ezazu, idatzi hau ironia ariketa bat dela. Ni neu naiz lehenengoa korrikan egitera ateratzea gustatzen zaidana, baita asteburuetan bizikleta hartu eta txirrindu irteerak egitea ere. Bizi naizen lekua ere sare sozialetan ageri den estetika horretara egokitzen da.
Baina matcha adibidez ez dut gustoko. Egia esan, ez dakit, ez baitut inoiz dastatu, baina kolorea jada ez dut atsegin. Esan nahi dudana hurrengoa da: sare sozialek inspiratzen bazaituzte, aurrera. Baina gelditu zaitez balio dizun horrekin bakarrik. Ez itzazu zureak egin zureak sentitzen ez dituzun ohiturak, soilik tendentzia direlako.
Sare sozialen algoritmoak direla eta, denbora eskaintzen diezun antzeko edukiak erakutsiko dizkizu feed-ak. Aldiz, burua igerileku horretatik atera dezagun gomendioa egin nahi nuke gaurkoan, egunerokoa anitzagoa baita sare sozialek erakutsi nahi diguten hori baino.