Irrifarrea poltsikoan
Betidanik atsegin izan dut bizitzatik irrifarre batekin dihoan jendea. Beste alegrantzi bat ematen diote munduari. Sarritan kaletik joan eta mutur beltzak besterik ez dira ikusten, bekoki tximur ibiltariak munduaren zama bizkar gainean eramango balute bezala.
Mundua ez dela beti jai dio kantak eta inguruetara begiratzea besterik ez dago hala dela jakiteko. Hemen berton pobrezia agerian ikusten duguna baino gehiago, ez hainbeste kilometrotara gerra bat hortxe hasi, ez-hasi dabiltza poderetsuak, mehatxuak, jipoiak, etxe kaleratzeak… Izan baditugu hamaika arrazoi ezpainetan irrifarrea eraman beharrean mutur beltza agertzeko.
Baina nik aurpegi irrifartsuak ditut maite; zer egingo diot, ba, atseginagoak iruditzen zaizkit, ederragoak eta argi gehiagoz jantziak. Irrifarrea ezpainetan duenak beste zera bat du begietan. Aspaldi honetan musukuak eztali izan baditu ere, horren azpian ezpainetan nork duen irrifarrea eta nork ez sumatzen da.
Bada denboraldia ba ordea, gero eta gehiago direla ezpainetan barik irrifarrea poltsiko barrenean daroatenak. Jakina, irrifarrea poltsikoa, paltrikan edo sakelean eramanez gero, ezin asmatu aurpegira begiratuta eta pozik, alai, triste edo nola demontre dauden.
Sakelean daroate irrifarrea. Sakelean eta sakelekoan. A-tik Z-raino dihoan plastikozko irrifarrea, norberarena ezik, norberari barre egiten diola ematen duena. Zuk barre egin bai, baina nik txin-txin-txin dioen basamortu bihurtzen ari diren oihan horren izen bera duen sakeleko irrfarrea, zeure ateraino mundu osoa eskura jartzen duena. Mundu oso, osoa. Nahi izanez gero, Txinako puntako, Zelanda Berri antipodetako edo Artikoko izotz zati bat zeure etxeraino eramango duen irrifarrea. Astean zazpi egun eta eguneko hogeitalau orduko irrifarre etengabea zeure poltsikotik txin-txin-txin eta zu pozik.
Ez naiz horren zibermodernoa, sentitzen dut; irrifarreak nahiago ditut ezpainetan, nahiago ditut begietan, ez-dakit nork, ez-dakit non asmatutako algoritmo triste batean baino.