Gutxitan izaten da aukera Otsailaren 10an Lizeo antzokian bizitakoa bizitzeko. Ondo egindako lanaren emaitzaz,agian, ikusmin handia zegoen bariku berezi horretan zer ikusiko genuen. Horrek txarteldegian sarrerak agortu, aretoko aulki guztiak bete, eta klima berezia sortu zuen. Tenperatura beroa sortu zen.
Erronka handia jarri zion Sare Gernikak bere buruari: Lizeo antzokia betetzea. Erronka bete zen eta, beraz, lehen-lehenik mila esker bertaratu zineten herritar guztioi! Han ikusi genuenak aurrikuspenak bete zituen: Gurutzne Basterretxeak eta Oihana Cabellok gidaturik, ekitaldi labur bezain intentsoak, sinple bezain osoak eman zion hasiera saioari. Ekarpenak anitzak izan ziren: hasteko Aitzol Martitegi Gernika Rugby Taldeko jokalaria, Irati Agorria Astrako kidea, Jokin Alberdi Gernika Gogoratuzeko kidea, Naia Torrealdai Asunek mugimendu feministako kidea, Alberto Gabikagojeaskoa Gernika Batzordeko kidea, Arlette Apraiz eta Maria Uribe Gernikako udaleko zinegotziak, eta Pedro Durana Zineklub Gernikako kideak dispertsioaz hitz egin zuten bideo labur batean. Hain zuzen ere, azken elkarte honek 35 urte betetzen dituen honetan, beraien ekarpenari esker izan da posible estreinaldi hau egin ahal izatea. Beraz, zorionak eta eskerrik asko Zineklub Gernika! Ondoren, Ross dantza eskolako neskek Gernikako bonbaketaren inguruan sortutako obra hunkigarriaz gozatu genuen. Horren ostean Paul Omaetxebarria eta Hibai Etxebarriak Seu Jorge kantari brasildarraren
Un problema social kantua ezin egokiago moldatu zuten. Horrek guztiak hausnarketa bikoitza utzi zigun: noiz arte jarraituko du dipertsioaren arazo sozial honek? Eta zer egin dezake gutako bakoitzak aterabidearen alde?
Proposamen hau eraman zien Sare Gernikak herritarrei Lizeora: dispertsioak Gernikan sortzen duen errealitatea ezagutzeko ikusentzunezko lan bat. Urtebete lehenago sarekideek egindako proposamen batetik abiatuta, dispertsioa ezagutarazteko tresna egikaritu dugu. Horretarako, Gernikan ikusentzunezko komunikazioan, telebistan, eta zinemagintzan lan egiten duten hainbat profesional eta artista jardun da lanean. Horiekin batera, lan-karga handiago edo txikiagoarekin, 30 partaide inguruk egin dute beraien ekarpena
Aterabidetiken. Euren hasierako konpromisoa, lanerako eta aktibaziorako konbentzimendu bilakatu da proiektuak aurrera egin ahala, eta, hain zuzen ere, hori da lan honi balio gehien ematen dion gauzetako bat. Baina, gainera, dispertsiometraia deitu diogun honek oso ondo islatzen du euskal presoei bisita egiten joaten diren senide eta lagunen errealitatea. Barikuan Lizeoan egon ahal izan zutenek ondo dakite hori, eta
www.saregernika.eus-en jada ikusgai dagoenez Aterabidetik, ikusten dutenek ere sentituko dute errepidean beren bizitza-denboraren zati handi bat uzten ari diren pertsona horien sufrimendua. Lan honek horretarako balio badezake, baliteke barruan sortzen digun ezinegonak dispertsioaren amaieran geure aletxoa ipintzera bultzatzea herritarrok.
Azkenik, Sare Gernikatik eskerrak eman gura dizkizuegu gogor lan egin duzuen gidoliari, errealizatzaile, musikari, partehartzaile, marrazkilari, diseinatzaile, soinu-teknikari eta laguntzaile guztiei. Sarekide zaretenez jada, Gernika dispertsioa amaitzearen alde kokatzeko lanean jarraituko duzuen ziurtasuna dugu.
Horrez gain, esker bereziak eman gura dizkizuegu honetan guztian protagonista zaretenoi: presoen lagunoi, eta, batez ere, senitartekooi. Bizi duzuena erakusteko adorea erakutsi duzue, eta ez dudarik izan bere fruituak emango dituena! Lortuko dugu euskal presoak etxera ekartzea eta zuek bideetatik ateratzea!
Helburu horretarako, baina, argi izan behar dugu gutako bakoitza beharrezkoa dela langintza horretan. Asko da egiteko dagoena eta egin dezakeguna. Urrunera joan beharrik gabe has gaitezke Aterabidetik ikusiz, hausnartuz, elkarbanatuz, eztabaidatuz, gomendatuz, sarea josiz, sarea handituz, distantziak laburtuz, Gernika dispertsioa amaitzearen alde kokatuz, aterabidean sakonduz. Bitartean, bideetan gero eta gutxiago izateko, bidean gero eta gehiago izan behar gara! Jarrai dezagun lanean!