Iritzi bereziak
Iraganako gaiak eztabaidatzea normaltzat hartu behar dira, nahiz eta batzuk «egia ofizialaren» kontrakoak izan. Eta zenbat eta urrunago egon iragan hori, zalantza gehiago sortzen ditu.
Denok ziurtasunaren aldekoak gara, konfiantza osoa izatea gustatzen zaigu. Baina ziurgabetasunez inguratuta bizi gara, arlo guztietan. Hizkuntza arlora eta euskarara mugatuz, bere antzinatasunagatik eztabaida asko sortu ditu eta sortzen jarraituko du, ez dakigulako zein den bere jatorria.
Hizkuntza latindarrek, adibidez, ez daukate arazo hau, ofizialki onartuta dagoelako latinetik datozela. Baina badira iritzi ofizial honen kontrakoak. Horien artean nabarmentzen da Jorge Maria Ribero Meneses. Jakintsu honen teoriak ez daude onartuak, unibertsitateko katedradun eta gehiengo jakintsuen teorien kontrakoak direlako.
Ribero Menesesek liburu asko idatzi ditu bere teoriak irmoki defendatuz. Baina, oraingoz, «egia ofiziala» da nagusi.
Historian osoan ez dira falta «egia ofizialak», urte askoren ondoren, faltsuak izan direnak. Gogoratu besterik ez dago zer gertatu zen Koperniko (1473-1543) eta Galileo Galileiren (1564-1642) teoriekin. Urte askotan baztertuak izan ziren, «egia ofizialaren» kontrako teoriak defenditzeagatik. Berdin gertatu zen Kantabrian, Altamirako kobazuloko marrazkiekin. Marcelino Sanz Sautuolaren iritziak ez zituzten onartu bere garaiko «jakintsuek». Zorionez, eztabaida batzuk argituta daude gaur egun, baina euskararen eztabaidak ez dute bukaerarik. Ribero Menesesen teoriek hor jarraituko dute ofizialki, oraingoz, onartu gabe.
Bere teoriez gain, badira euskaltzaleen artean beste eztabaida batzuk. Horien artean, euskal hitz askok daramaten bi zatiki aurkitzen dira: «ZA» eta «IZ».
Jakitun askoren ustez, «ZA»-ren esanahia aldapa zen, «milaka» baserri izen eta hainbat mendate dutena: Barazar, Kanpazar… Adineko pertsonen «zar» hitza ere bere makurduragatik omen dator. Bizkaian «Zarrabe» aldaparen behean dagoen baserria eta Nafarroako Gainza herria eta Gipuzkoakoa, batez ere, Gain-Za: «aldapa gaina» adierazgarri izan daitezke.
«IZ» zatikiaren kasua urarekin lotzea garbia dirudi. Izotza: ur hotza; izurde, uretako urdea. «Izubitta» (bertako eta inguruko euskaldun zaharrek euskaraz hitz egitean horrela ahozkatzen genuen): IZ(u) BI (u bokala tartean kontsonateak lotzeko) eta BI UR, bi erreka batzen diren Bizkaiko toki ezaguna. Eta badira «I» hizkia galduta Zubieta izena duten hainbat toponimo, non bi ur, bi erreka elkartzen diren.