Irakasleon prestigioa berreskuratzeko erronka
Azken urteotan irakaslegoaren prestigioa debaluatua izan da gizartean orokorrean. Irakaslearen beldur izatetik nahitaez ez errespetatzera pasatu gara. Ikus daiteke hezkuntzara dedikatzen ez den jendeak nola kritikatzen dituen irakasleak, nola gutxiesten gaituzten. Irakasle izatea azken aukera dela edo gradua erreza dela eta horregatik aukeratu genuela. Irakasleek oso erraz daukagula, arratsaldeak libre ditugula eta oporraldi luzeak. Baina zer da aldatu dena eta zergatik galdu dugu irakasleok autoritatea?
Aldatu dena inguratzen gaituen kultura da. Lehen, informazioa eskuratu eta aplikatzearen lana irakasleak zeukan hein handi batean, adibidez. Gaur egun, hainbat informazio denon eskura daude, zuzenean, momentuan. Gure harremantzeko modua ere aldatu egin da.
Horrenbestez, irakasleon lana materiaren inguruko informazioa izateaz eta jakiteaz baino askoz haratago doa, irakasleak emozioa transferitzen duelarik, gizatasuna. Horrela, irakasle izatea dimentsio askoko lana da. Edukiak, abileziak, jarrerak, jokabideak, balioak eta pentsamoldeak izan behar ditugu kontuan, besteak beste. 20-30 bizitza kudeatu behar ditugu ikasgelan, egunero, hainbat orduz, aldiberean. Bizitza konplexuak dira, denak desberdinak, bakoitzak bere gaitasun, muga, interes, nahi, desira, esperantza, espektatiba eta arazoak dituztelarik, besteak beste. Halaber, ikaskuntza ez da bakarrizketa bat, solasaldi, elkarrizketa eta kolaborazioaren ondorioa da. Eta prozesu horretan, irakasleak ikasleengan jakin-mina piztearen betebeharra dauka. Horregatik, irakasle motibatuak, inspiragarriak, irakastean bihotza jartzen dutenak, horiek dira benetan behar ditugunak, ikasleen ikaskuntza lehentasun moduan daukatenak, ume bakar batek ere ez dezan amore eman.
Ildo horretatik, irakasle batengandik benetako mirariak espero dira. Zure ikasgela doitu behar duzu inork amore eman ez dezan eta denek hobetu dezaten, eta, aurreratuta sentitu daitezkeen horiek haratago bultzatzeko. Nolanahi ere, eskola bukatzen denean ez da lana bukatzen. Arratsaldez, hurrengo egunetako plangintza egiten dugu, gauzak antolatu, materiala prestatu, gaizki doan ikasle horrengatik arduratzen gara edota triste dagoenarengatik, adibidez. Hurrengo egunean egoera horiek nola kudeatuko ditugun pentsatzen dugu. Lehentasunen artean, ikasleak jartzen ditugu aurrean, jakinda irakasle moduan hobetu nahi dugula. Eta batzuetan zapuztu egiten gara, ikasleren bat atsekabetuta ikusten dugunean edota ikasle horrengan hobekuntzarik ikusten ez dugunean. Bitartean, gizartean hau guztia nola baloratzen ez den nabaritzen dugu, eta baliteke denborarekin irakaslegoaren grin, pasio edo txispa hori itzaltzen joatea.
Ondorioz, guztiz ziur egon behar gara gure lanak benetako garrantzia daukala. Ezinbestekoa da irakasleonganako ikuspegia aldatzea, estereotipoei buelta ematea. Benetan merezi dugun mirespen hori ematea, beste lanbideei bezala. Orobat, helduok ez gaude aurrez aurre, ez gara etsaiak; familiak eta irakasleak eskutik goaz, helburua zure semea edo alaba delako eta denok nahi dugulako hoberena berarentzat. Hezkuntza kalitatea ontzearen ardura gure eskuetan dago, gu baikara prestigio hori eman diezaiokegunak. Izan gaitezen irakasleei beraien lekua itzultzen dien mugimendu hori. Arrazoia sendoa da, Francisco Morak esan zuen bezala, «El ser humano es lo que la educacion hace de el». Eta bitartean, irakasle, ez ahaztu: ez utzi bihotza jartzeari irakastean.