Iraila, eraila
Irakastea bi aldiz ikastea dela irakurri nion ezagun bati sare sozial batean behinola. Ez dakit bere zita zen edo autoreen bati jasoa, baina neure esaldi biltegian gordetzea erabaki nuen, badaukalako mamia nire aburuz. Ikasitakoa desikasten ikasi nahiko lukeela zioen Gorka Urbizu handiak Berri Txarrak-en azken maisulaneko kantu batean. Desikasten jakitea, bi aldiz ikastearen parean edo agian gainetik jarri beharko genukeen dohaia da. Lortzekotan, pertsona hobeak ginatekeelako, seguru asko.
Irakaslearen ogibidea arduraz eta erantzukizunez betetzen saiatzen den pertsonatzat daukat nire burua. Saiatu diot, hori delako garrantzitsuena. Lortzea, berriz, ez hainbeste. Lortzea saiatzearen ondorio dela esan nahi dut, eta ez alderantziz. Ez txarto ulertu esan nahi dudana, arren. Ez da nire asmoa inori lekziorik ematea, ezta gutxiago ere.
Maisu-maistra askorentzat beldurrezko pelikula baten izenburu egokia izan daiteke irailak 1. Hala ere, onartu beharra dago ez gaudela kexatzeko moduan, oporraldi elegantea baita gurea. Pozarren baina udara hegan pasatu denaren sentsazioarekin hartu dut lanerako bidea. Beste behin ere, urduritasunez pasatu dut abuztuko azken gaua. Beste behin ere, sabeleko tximeletek lo ordu dexente lapurtu dizkidate. Zantarrak.
Atzo sanjuanak eta gaur iraila? Nola liteke? Nola liteke aste bete balira legez igarotzen diren hilabeteak eta ostera hilabeteen luzapena duten asteak egotea? Urteroko parranden abiapuntua da Ajangiz, pandemia urteak pasata are gogotsuago hartu duguna, bai. Ostean sanjuanak, sanpedroak, Amoroto, Busturiko sankristobalak, Zornotza, Markina-Xemein, Madalen eguna Elantxoben, santiagoak, Foruko saninazioak, Lurgorri, Gernika eta Bilbo. Gehienak asteburuetan egindakoak direnez, aste bitarteak hondartza eta Gernikako Pasilekuko udal txapelketan igaro ditut, bai pozarren igaro ere. Tartean kanpora ihesalditxo bat ere egin izan dut, ederra bezain beharrezkoa. Onartu beharra daukat sekula ez dudala gora begira hainbeste denbora egin eta ondo etorri zaidala geldirik egoteko tarte bat hartu izana. Eguzkia, krema, liburu bat, Itsaso bazterra, bi litroko ur botila eta estimatzen dudan herriko beteranu batek dioen legez, «bake santue».
Erreza litzateke bizimodu horretara ohitzea; errezegia, agian. Hala ere, zerbaiten falta nagusituko litzateke nire barrenean. Onartu dezagun gorrotagarri bezain maitatua dela. Atzo sanjuanak eta gaur iraila? eta eskerrak!