Iragana gogoan, Euskara ahoan
XVIII. mendean, 1759. urtean, Nafarroako VI. eta Gaztelako Carlos III.ak errege izatera iritsi zenean bere agintepeko lurralde guztietan Inperioko hizkuntza ofizial bezala gaztelaniaren gorespen, ezarpen eta inposaketa sistematikoa ezartzera zetorren hizkuntza-politikaren eraberritze prozesu sakona abiarazi zuen. Despotismo ilustratuarentzako helburua, toki denetarako, bakarra zen: herritar guztiek hizkuntza bera erabiltzea eta horretarako erabilitako metodoak ugariak izan ziren kultura- eta hizkuntza-kolonizazioa barne.
Agustin Kardaberatz jesuita eta euskal idazle oparoak 1761. urtean gogor salatu zuen Euskal Herriko eskoletan euskarak, besteak beste, maisuengandik jasaten zuen errepresio bortitz eta etengabea: «Entre las gentes no se ha visto ningún lenguaje más desdichado que el vasco, ya que, como si no se tratase de nuestro idioma nativo y original, como si hablar vasco fuese el mayor de los pecados, lo quieren quitar de la sociedad, prohibiéndolo en las Escuelas, con sortijas y señales, con azotes o castigos. ¿Qué locura puede ser mayor que esta?».
Kardaberatzen arrangura euskarak izan zuen etengabeko jazarpena salatzera zetorren. Euskararen erabilera eskoletan errotik debekatzea nahiko ez zela, euskaraz hitz egiteak eraztuna eraman beharra zekarren edota belauniko denbora luzez egon beharra, zartakoak jasotzea edo beste antzeko jarduera iraingarri eta umiliagarririk jasan beharra ere, hau da, euskaraz mintzatzeak errepresioa, zigorra eta makilakadak zekartzan. Eraztunaren zigorrak, adibidez, XVIII. mendetik XX. erdira iraun zuen…
Kardabertzek, urte batzuk geroago, 1766an, Loiolako Iñazio Deunaren Bizitza euskaraz idatzi ondoren Nafarroako Errege-Kontseiluari argitalpenerako baimena eskatu zion. Errege-Kontseiluak izendatutako Santo Domingo iruindar komentuko Martin de Iturriza apaiz eta zentsoreak idazlanaren merituak goraipatu zituen besteak beste «deben estar muy agradecidos todos los Bascongados», adieraziz.
Goraipamen horiek izan arren, Errege-Kontseiluko Erregeorde kargua eta Kontseiluburu zen Jose Contrerasek argitalpenerako baimena bertan behera uztea erabaki zuen, Arandako Kondeari erabaki horren berri jakinaraziz. Kondeak Contrerasek hartu eta jakinarazitako erabakia ontzat eman zuen honako hau adieraziz: «…por el reparo político de no convenir hacer impresiones en otra lengua que la castellana, inteligible a toda la Nación y así por regla general se denegarán por este Consejo, sin especial noticia mía, archivándose la obra original de la Vida de San Ignacio en vascuence».
Aipatutako debekuok ez ziren ekintza isolatuak, gaztelania hizkuntza nagusi eta bakar bezala ezartzeko helburuz garaiko gizartearen atalik ilustratuenak ezagun izan eta tinko babesten zituen gaztelaniaren sustapenerako testuinguru politikoan kokatutako ekimenak baizik.
Gaur egun gazte askok ez du euskarak mendeen joanean jasandako benetako jazarpen bortitz eta jarraitukoaren berri handirik, eta horregatik egoki begitandu zait iraganean euskarak izandako jazarpenen aipamentxoa egitea.
Adierazitakoak bezalako jazarpenezko jarduerarik egun ez den arren eta hizkuntza-eskubideak legez aitortu direna ikusi arren, euskaldunok gurean bigarren mailako herritar izaten jarraitzen dugu.
Gaztelera hutsez bizitzeko askok duen eskubide eta aukera berbera euskaraz bizi nahi dugunoi errotik ukatzen zaigu. Bakoitzak dagozkion ondorioak atera
ditzala.