Inoiz baino ozenago
Tooth taldea
“Tooth gara eta Gerniketik gatoz”. Horrela agurtzen zaituztegu kontzertu guztietan. Durangon zein Lazkaon; Gasteizen edota Zarautzen. Bartzelonan, Zaragozan, eta jotzeko aukera izan dugun txoko denetan. Ez dira gutxi izan, ez. Azken urteak geldiunerik gabekoak suertatu zaizkigu, gure doinu, letra eta musika zabaltzeko hamaikatxo aukera izan ditugu. Lehenik eta behin, beraz, mila esker hau posible egin duzuen guztioi. Zuek egiten duzue Tooth, zuek ere Tooth zarete.
Gazte eta gernikar izanik, ezinbestekoak egin zaizkigu ilusioa eta burugogorkeria musika sortzerako orduan. Iparragirre Rock Elkartearen baitan jaio zen Tooth, eta ezinezkoa litzateke taldea autogestioarekin eta auzolanez bultzaturiko proiektu honetatik kanpo ulertzea. Entseguetarako lokalek lau horma dituztelako, ate bat. Iparragirren eszenatoki bat dagoelako, komunak eta barra bat. Guzti hau gure kabuz eraiki dugu gazteok, hasieratik jakin izan dugulako zein den instituzioek gure proiektuak bultzatzeko izan duten interesa: bat ere ez.
Gaurkoan, azken hau erakusten duen adibide argi batekin gatoz. Zuetariko batzuk jada jakingo duzuen bezala, Alemaniara bidaiatuko dugu martxoko lehenengo asteburuan. Bertan, pare bat kontzertu emateko aukera suertatu zaigu, eta nola ez dugu ba hau aprobetxatuko? Baiezkoa eman eta gure ilusio guztiarekin garraio, egonaldi eta bestelakoak begiratzeari ekin genion. Hala ere, kontziente ginen honek suposatuko lukeen gastuari aurre egitea zaila egingo zitzaigula. Hortaz, Gernika-Lumoko Kultur Etxean diru-laguntza bat eskatzea erabaki genuen.
Urriaren 25ean idazki formal bidez, 690€-ko aurrekontua izango duen bidaia finantzatzen laguntzeko eskari formala egin genuen Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Maiz entzun eta irakurri dugu Gernika-Lumoko herriak internazionalki proiektatua izateko duen interesa. “Bakea eta Kulturaren hiria” abizen bezala daramatzan herriak, zer du hobe herritarrak munduan zehar beraien musika zabaltzen aritzea baino?
Egunak eta asteak eman genituen erantzun baten zain, eta ez zen inoiz iritsi. Horregatik, azaroaren 22an eskaera berregin genuen, aurrekoan hutsen bat zegoelakoan. Eta hamar egunetara erantzuna: ez dugu dirurik zuei emateko. Ez genuen askoz gehiago espero. Esan bezala, argi dugulako zein den instituzioek gure proiektuak bultzatzeko duten interesa. Hala ere, Alemaniara goaz, diru-laguntzarekin edo gabe. Instituzioekin edo gabe. Poltsikoak hustuko ditugu, ilusioa eta musika zabaltzeak egiten gaituelako aberats.
–Iker Roman (Mirri), Edorta Apraiz eta Pello?Arzanegui (Arza).
Tooth taldea.