Ikusezin izatetik aitortzera: autismoa eta genero-ikuspegia
Azken urteotan autismoaren ezagutza nabarmen hedatu bada ere, badago luzaroan ia ikusezina izan den errealitate bat: emakumeen kasuak. Diagnostiko kopurua orain handiagoa den arren, horrek ez du esan nahi autismo kasuak lehen baino gehiago direnik; askotan, ez zela behar bezala identifikatzen baizik.
Historikoki, autismoa batez ere mutilengan aztertu eta deskribatu da. Ondorioz, diagnostikorako erabiltzen ziren irizpideak ere gizon profil horretan oinarritu dira, neurri handi batean.
Horrek esan nahi du neska eta emakume askok ez dutela beren burua diagnostiko-eredu horietan islatuta ikusi, eta askok urteak eman dituztela azalpenik gabe edo bestelako diagnostikoekin.
Gaur egun, jakin badakigu autismoaren adierazpenak askotarikoak direla, eta genero-ikuspegia ezinbestekoa dela ere arlo honetan. Neska askok, adibidez, estrategia sozialak garatzen dituzte zailtasunak ezkutatzeko edo egoera sozialetara egokitzeko ahaleginak egin ohi dituzte. Saiakera horiek baina, nekea edo «burn out» deritzona aregoatzea dakar.
Pertsona askok azaldu dute urte luzez inguruaren itxaropenetara moldatzeak energia izugarria eskatzen duela, eta azkenean, agortzea, antsietatea edo egunerokotasunean zailtasun handiagoak izatea dakarrela.
Ondorioak ez dira gutxiestekoak. Diagnostiko berantiarrak askotan laguntza egokirik gabe bizitzea esan nahi du. Gainera, emakume askok beste hainbat diagnostiko jaso dituzte bidean, batzuetan okerrak, eta besteetan osatugabeak, benetako azalpena aurkitu aurretik. Horrek frustrazioa, ulermen falta eta bakardadea areagotzen ditu.
Testuinguru horretan, interesgarria da neurona ispiluak deiturikoen inguruan egin den ikerketa. Garuneko mekanismo horiek beste pertsonen ekintzak eta emozioak behatu eta nolabait «islatzeko» gaitasunarekin lotu izan dira.
Zenbait ikerketek iradoki dute horrek lagundu dezakeela ulertzen zergatik garatzen dituzten neska eta emakume autista askok imitazio edo egokitzapen sozialeko estrategia sofistikatuak.
Besteak behatuz eta ikasiz, askok inguruko portaera sozialak erreproduzitzen dituzte, eta horrek neurri batean azal dezake zergatik pasatu diren urte luzez hainbeste kasu oharkabean.
Aldi berean, mekanismo horien inguruan egun dugun ezagutza handiagoak laguntzen du profesionalek hobeto identifikatzen emakumeen autismoaren seinaleak, eta ondorioz, gero eta emakume gehiagok aurkitzen dute, helduaroan bada ere, beren bizipen askori zentzua ematen dien azalpena.
Baina diagnostikoa ez da helburua bera; abiapuntua baizik. Garrantzitsuena ulermena, laguntza egokiak eta parte-hartzeko espazioak eskaintzea da. Horiek guztiak kontuan hartzea funtsezkoa da gizarte inklusiboago bat eraikitzeko.
Azken finean, nesken eta emakumeen autismoa ikusgarri bihurtzea ez da soilik estatistika kontua. Justizia kontua ere bada: urte luzez isilean egon den errealitate bati ahotsa eta aitortza ematea. Eta hori, neurri batean, gizarte osoaren begirada zabaltzea ere bada.