Identitate-krisia
Gu gara sutan erre zuten herri baten oinordekoak. Gu, errudundu gintuzten gorri eta separatista harroak. Gu gara merkatu plazan «aldeanas» eta «caseros» deitzen zituztenen ilobak. Intsumiso garaiko lorpenen onuradunak. Urteetako kartzelen, torturen eta jazarpenen osteko erradiografia hezurmamitua gara gu.
Gu gara euskaraz hitz egiten dugunak. Gazteleraz erantzuten gaituztenak. Armaz betetako fabrika bat arnas betean irauli genuenak. Industria Kaleko manifetan, terrazetako begi-gezien jomuga. Errebeldeak gara gu. Ameslariak. Gure zidorretatik atera gabe, Palestinara begiratzen dugunak. Jaietan borrokatu. Borroketan jai egin. Udaltzainek, haien egoaren tamainako pistola bat zertarako nahi duten galdetzen dugunak. Hori dena gara gu. Gizajo hutsak, agian.
Baina gu ere bagara gerniquesak. Villa Faroleko argi-itzalak. Felipe erregea Bakearen Museora gonbidatzen dugunak, hemen kafeari baino ez zaiola bake esaten argi uzteko. Adineko emakumeak engainatzen ditugunak, memoriaren izenean, argazkietan irribarretsu agertu daitezen. Gu ere bagara bi bandoak biktimatzat jotzen ditugunak; berdin kondorra zein txindorra. Trumpen hilketak kondenagarriak direla uste dugunak bainaaaa beste aldekoak ere telitaaa.
Udaleko bilkurak gazteleraz egiten dituzten agintariak gara, Oizmendikoek behartzen ez gaituztenetan. Lehengo gudarien estatuak eraiki baina egungoen kartelak kentzen ditugunak. Kaletik buenos días diogunak. Jaietan felices fiestas. Herri komertzioen Instagrameko Reelsak gara, erdera eta erridikuluaren arteko balantzan. Guardia zibilekin Crossfitera goazenak. Erasotzaile kondenatuekin tabernara. Horixe gara gu. Bakearen eta kulturaren hiria. Kartel batek hori dio behintzat.
Bada, hori: izan zirelako gara eta garelako izango dira. Atera kontu.