Hutsuneak
Ze hutsak geratzen diran etxeak bertakoren baten gorputz eta arimek beste lekuren baterako bidea hartzen dabenean. Ze hotzak geratzen diran etxeak bertakoen bizitzearen epeltasunak aldeten dauenean. Izotz ufadaren batek leitutakoak emoten dabe sukalde, egongela, gela, horma zein sabaiek. Ez dira errezak beteten joandakoen hutsuneak, zutabe hau be ganorazko kontuekin betetea erreza ez dan moduan.
Gogoan daukat tartetxo honetarako gonbidapena jaso neban lehenengo aldian zer idatzi ez nekiala, aitagaz autuan erabilitako kontu batetik tiratu nebala orri zuri hau letraz beteteko. Ez zan izan azken aldia, hurrengoren baten be berak aitatutakoak baliokoak izan jatazan-eta, 2.500 karaktere inguru behar dituan tartetxo honetarako. Eta oraingoan be, paradoxikoa izan arren, berak itzitako hutsuneak lagunduko deust hutsetik idazten hasi behar dodan orri zuri hau beteten.
Heriotzeak eragindako zuloak betetea kosta egiten da, baina ikasi behar dogu eta bakotxak bere bidea topau. Nire kasuan argi daukat hutsune hori zegaz bete: oroitzapen onekin eta irakatsiekin. Batzuk eta besteak asko dira gure aitaren kasuan, baina azken aldion kontu batek atentzinoa deitu deust: heriotzeari aurrez aurre eta bildur barik begiratzeko ausardiak. «Ni apurke apurke kandelea lez amatetan najoik/najoine», iragarri euskun maiatz aldean, bape ikara barik, albistegietako ahotsek informazinoa ahalik eta tono neutroenean jakitera emoten daben moduan, «hona ez gaituk/gaitune etorri betiko». Handik pare bat astera, ospitaleko kardiologo batek gaztelaniaz berretsi euskun berak esandakoa: «Se está apagando poco a poco».
Baina bizitzak badaki opari ederrak emoten eta guri emon euskun geurea: berari susperraldia eta uda zoragarria, eta etxekooi beragaz egoteko eta une gozo parebakoak bizi izateko aukerea.
Udagoienak ekarri zituan susperraldiaren etena, beste ingreso bat eta beste iragarpen bat. «Ez juat/junat pentsetan gabonetara ailegauko nazenik», ingurukook jakinaren gainean ipinteko informazino eran, lasaitasun osoz. Hirugarrena eta azkena be modu berean etorri zan handik gitxira: «Aste hau ez junat/juat pasauko». Ezta pasau be, esaten joan zan moduan.
Ba ez dakit ikasi dodan ala ez, baina orain jakin badakit heriotzeari begiratzeko beste modu bat dagoela: lasaia, patxadatsua, patua onartuz, ikara barik, inor ikaratu barik, datorrena datorrela, inor ez da etorri betiko… Ez dakit unea heltzen danean hori egiten jakingo dodan ala ez, baina inbidiagarria begitandu jat. Orain, momentuz, heriotzeari begiratzeko modu horrek nire hutsunea askoz beteago eukiten laguntzen deust, eta ez da gitxi. Eskerrik asko danagaitik, aitte!