Hizkuntza eskakizunez haratago: historia klinikoa euskaraz
Pasa de irailaren 13an Azpeitian EHUko Udako Ikastaroa antolatu genuen UEMAren, Azpeitiko Udalaren, Kabiaren eta BFAren laguntzarekin. Zazpigarren urtez animatu gara eta pozik geratu gara emaitzarekin. Zazpi urte hauetan Aitor Montes izan dut bidelagun, eta aurrera begira ere berarekin egingo dut bidea. Aitorri zor diot gaiaren ikuspegia, oinarri bibliografikoa, ikuspuntu profesionala eta hitzetan zein ekimenetan eraginkortasuna. Beraz, zuen baimenarekin gaurkoan Aitorren zenbait ekarpen aipatuko dizkizuet, osasun langileak historia klinikoa euskaraz idazten hasi daitezen.
Gaia arrotza egiten zaizuenontzat historia klinikoaren wikipediako definizioa egokia iruditzen zait: paziente baten osasunari buruzko informazioa erregistratzen duen dokumentu medikoa da. Dokumentu honek pazientearen historia medikoari, proben emaitzei, jasotako tratamenduari eta etorkizuneko arreta-planei buruzko datuak biltzen ditu, eta bertan parte hartu duten medikuak eta gainerako profesionalak identifikatzen dira. Historia klinikoa tresna garrantzitsua da osasun-profesionalentzat, arreta mediko segurua eta eraginkorra ematen laguntzen baitie. Dokumentu konfidentziala da, eta pazienteari arreta ematen dioten osasun-profesionalek baino ezin dute eskuratu. Pazienteak eskubidea du bere historia klinikora sartzeko, haren kopiak egiteko eta datuen aldaketak egiteko edo ezabatzeko.
Pazienteak bere historia klinikora sartzeko eskubidea duen bezala, eskubidea du baita ere osasun arreta euskaraz eskatzeko eta jasotzeko. 300.000 paziente baino gehiago zarete Osakidetzan arreta euskaraz eskatu duzuenak (oraindik egin ez baduzu, eskatzera animatzen zaitut). Azpeitiko Udako Ikastaroan hizkuntza eskakizunetatik haratago arretaren kalitatea dagoela jokoan transmititu nahi izan genuen. Munduko osasun arretaren kalitate estandarrek argi adierazten dute kalitatezko arreta bermatzeko pazienteak hautatutako hizkuntzan eman behar dela, bai ahozkoa zein idatzizkoa. Baina egungo hizkuntza politiken zerumugan hizkuntza eskakizunak daude, eta Osakidetzako langile guztiak elebidunak izatea da helburu nagusi bakarra, jakinda urte asko beharko direla horretarako, eta historia klinikoa gaztelaniaz idazten jarraitzeko aitzakia baino ez dela.
Politika eraginkorrak eta ausartak behar ditugu, eta zuzenean arazoaren oinarrira jo behar dugu, zeharbideetan galdu barik, arreta euskaraz aukeratu duten pazienteen historia klinikoa euskaraz idaztea izan behar da helburu nagusia. Horretarako berariazko euskarazko zirkuitu protokolizatuak eta Osakidetzako zuzendarien babesa gakoa dira (euskaraz lan egiten duena babestea eta adoretzea ezinbestekoa da). Zirkuituetan euskaraz idatzitako pazientearen historia klinikoa irakurriko duen osasun langilea euskalduna izango dela bermatzen da. Zirkuiturik gabe hizkuntza eskakizunek, euskarazko prestakuntzak eta itzultzaile neuronalak ez daukate ez hanka ez buru. Etxea teilatutik eraikitzen hasi gara.
Ezinezkoa da helburua tentsiorik sortu gabe lortzea. Aurrerantzean borroka, lan eta ahalegin handiak egin beharko dituzte historia klinikoa euskaraz idaztea erabakitzen duten osasun profesionalek. Baina argi izan dezatela kalitatezko arretaren alde egiten ari direla, eta beren paziente euskaldunen segurtasuna jokoan dagoela.