Hiltzean
Argia itzaltzean, isilaldia dator. Zena, jada ez da. Hutsunea sortzen da. Batzuetan, bizitzaren nahitaezko pasarte honetara ohitzeko denborarik ez da izaten. Besteetan, berriz, aldez aurretik ikusten den gauza da. Bilakaera eten ezin bat. Adibideak, nonahi dira.
Ondamendi taberna joan eta supermerkatu berritua jaio zaigu. Urtean, leku hartatik derrigorrezko lauzpabost osteratxo egiteko ohitura genuen haiek hankamotz geratu gara. Riki eta bere anaiaren hitz jarioa, istorio eta kontuetarako jarrera ezin hobea, pernil plater amaiezinak edo sukaldeko giro bero zein goxoa, besteak beste, gogoan izango ditugu luzaroan. Halere, aldaketa, aurretik begiztatu duen familia da hau. Horrela, zirenetik orain diren horretara trantsizio lasaia izan dugu denok. Eskerrik asko zuek! Zoritxarrez, badira hileta aurretik antolatzeko gai ez direnak. Foru esaterako, herria alaitu dezakeen taberna horren faltan geratu zaigu. Eta hori gutxi balitz, urteak dira herrian, aldameneko herrietan hain ongi eratu duten plaza bueltako giro hori berpizteko plana eta aktuazioak aldarrikatzen direla. Ea, Murueta, Ajangiz edo Arratzuko biztanleriak pozik egon behar luke berean gauzatutako ludoteka zein beste eraikin publikoez.
Eskualde mailara igota, edozein Gobernuk antzeman ahal zuen Busturialdeko industria astuna hilzorian zela. Bermeoko flota edo Gernikako metal industriaren beherakadarekin bat, errazak bezain beharrezkoak izan ahal ziren pausoak ematen hasteko berandu ibili dira agintariak. Turismoa izan behar bazen gure helburua, gure eskualdea ondo komunikatuta izateko ekintzak aspaldi eginak izan behar zuten. Trena, tunelak eta era horretako obra zibila gauzatzeko ez dugu Guggenheim berri baten plana ezta Europar Batasuneko diru jarioari itxaroten egon behar. Geurea den diru publikoa horretara ere zuzendu ahal izan dute. Baina ez da egin, eta, orain, thriller honen bukaera zein izango den ikusi nahian gaude. Auskalo alfonbra gorria noiz jartzen duten.
Gure etxeetan ere, pena dakarren joandakoen lista osatzen goaz urteetan gora goazenok. Kaletik jada, lehen ikusten genituen batzuk ez daude. Mugikorreko telefono zenbakiren bat edo beste ezabatu behar izan dugu. Haren hitzak, beste baten agurra, lagunaren deia edo amaren muxua. Hiltzean, isilunea besterik ez da. Baina aurretik honetara preparatzeko aukera izan ez dugunok burua altxatzeko gai izan bagara, orain bizitzen ari zareten hori ikusten zenutenok, ezbeharra kudeatzeko beste izango zaretela gogoratu nahi dizuet. Hiletaren ostean, batek nahi badu, berpizkundea datorrelako. Gogorra bada ere, gauzak beste era baten egiteko aukera beti parez-pare zabalik dugulako. Animo. Abant. Aurrera!