Erradiografiak dispertsioari
Sarekideoi: pasa berri den ekainaren 3ko mobilizazioaren erantzunaz oso harro, zorionak ematera gatozkizue Gernika-Lumoko eta eskualde osoko Sarekide guztioi. Ostiral desberdin bat bilatzen genuen, arratsalde hartan bertan kartzeletarako joan-etorria hasi zuten senide eta lagunei babesa adierazteko; guztion artean euskal presoak etxera ekarriko ditugula esateko. Asmo horretan gernikarron ekarpenak etenik ez duela erakutsi dugu beste behin, eta, beraz, eskerrik beroenak eta zorionik sutsuenak parte hartu zenuten guztioi!
Hain zuzen ere, erronka hori jarri genion geure buruari kurtso hasieran: sarekideak aktibatu eta gutako bakoitza dispertsioa amaitzeko helburua bete dadin inplikatzea. Horretarako, Ispilue Proiektua abiatu genuen: batetik, partaide izatetik aktibo izatera pasatzeko; eta, bestetik, Gernikako preso eta senideen errealitatea ezagutarazteko. Azken batean, Gernika, subjektu legez, dispertsioa amaitzearen alde posizionatzeko.
Horrek erronka berri bat eskatu digu: gaur ez ditugun tresnak guk geuk sortzea. Erradiografiak. Gernikako dispertsioaren ispilua da asmo horretan lehena. Existitzen ez zena, eta ostiraletik aurrera erabiltzeko sortu den tresna. Bertan 16 testigantza daude jasota. Lagun ugarik parte hartu du bertan: argazkilari, diseinatzaile, kazetari, kamerari, irakasle, mekanikari, psikologo, pediatra eta abarrek. Eta batez ere bertoko preso politikoen senide eta lagunek: zuen bizitza konpartituz, egun pairatzen duzuen egunerokoa ekarri duzue zuekin. Jakitun gara hori ez dela batere erraza; beraz, zinez esker bereziak zuei.
Orain egiteko zehatza dugu guk guztiok: hartu 10 minutu Erradiografiak irakurtzeko. Agian, hurbil, edo ez hain hurbil, dugun gernikarrak ere egoera ezagutu beharko lukeela pentsatuko dugu, eta berarekin konpartitzeko iniziatiba har dezakegu. Tresna honen bitartez Gernikako preso eta senideen errealitatea ezagutaraziko dugu guk guztiok, bitartekoa Erradiografiak izanik, eta modua, eskuz eskuko eta ahoz ahoko trasmisioa. Horren zabalpenean lan egin dezazuen gonbitea egiten dizuegu. Gaurtik aurrera Gernikan dispertsioa ez dadila errealitate ezezagun eta isolatua izan! Guztion ekarpenez lortuko dugu!
Haizea Castilla eta Jon Rementeria.
Sare Gernika-Lumo.