Bermeoko 8 familia kaltetu gara eta ziur gaude eskualde mailan familia kaltetu gehiago egongo direla. Eusko Jaurlaritzak hartutako erabaki bat dela eta, datorren ikasturtean gure seme-alabak ezin izango dute guk guraso moduan matrikula egiterako orduan gure seme-alabentzat aukeratutako ikasketa-zentroan ikasketak burutu.
Ikasketa-zentro bat aukeratzeko arrazoiak ezberdinak dira familiaz-familia, baina denok gure lehen aukerako eskolaren ereduan sinesten genuen, sinesten jarraitzen dugu, eta horixe da gure seme-alabentzat nahi duguna.
Matrikulazio ofiziala egitean, inkesta bat bete behar izan genuen. Bertan, Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, etxean zenbat tableta, komun, liburu edo auto dauden galdetzen zigun. Horren arabera, zentro bakoitzean matrikulatu zen ikasle bakoitzaren zaurgarritasun ekonomikoaren maila atera zen. Hasiera batean, behin-behineko zerrendak argitaratu zirenean, Bermeoko 6 familiari beraien aukera ez zen beste ikastetxe batean plaza esleitu zitzaien eta azkenik, behin-betiko zerrendak argitaratzean familia kaltetuen kopurua 8ra igo da.
Eusko Jaurlaritzaren plana zaurgarritasun maila herriko ikastetxeen artean parekatzea da. Gu ez gaude ideiaren kontra, baina bai nola eraman duten aurrera. Ba al dago gure seme-alaben hezkuntza baino gauza garrantzitsuagorik? Zentro bat aukeratzeko orduan, kontuan hartzen dira beraren hezkuntza-metodologia, eskaintzen diren zerbitzuak, eraikina eta inguruak, eta abar. Automatikoki esleitu diguten ikastetxera joan nahi izan bagenu, hasieratik aukeratzat joko genukeen.
Behin-behineko zerrendak argitaratu zirenean, bidezko erreklamazioak egin ziren, eta kasu guztietan atzera bota dira. Orain, gorako helegitea jarri behar dugu Hezkuntza Sailaren aurka, eta erantzun bat eman arte itxaron, irailera arte atzeratu daitekeen erantzuna.
Orain borroka egin behar dugu, zarata egin. Gaur gure seme-alabak dira baina datorren ikasturtean beste batzuk izango dira. Zuen laguntza eskatzera gatoz. Change.org plataformaren bidez sinadurak biltzen ari dira, Bilbon kontzentrazioak burutzen dira astero eta herrian edo eskualdean ere kontzentrazioak egin nahi ditugu, entzun gaitzaten. Bermeon, guztira, 8 familiok ezin izango dugu gure seme-alabak guk aukeratutako lekuan matrikulatu. Ez da bidezkoa, gure seme-alaben etorkizuna dago jokoan. Denon artean zarata egiten badugu, posiblea da egoera hau aldatzea. Anima zaitezte gure borrokaren parte izaten.
Eskerrik asko!